Lan erreformak. Enplegu berrietarako kontratua Ipar Euskal Herrian

Atearen beldur lanean

CNE kontratuak urte bat bete duenean, zenbait auzi izan dira, zuzen kontrako kanporaketen ondorioz, patronala gustura egonagatik

ENEKO BIDEGAIN
BAIONA
2006ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Enpresako atea ona bezain txarra izan daiteke. CNE (Enplegu berrietarako Kontratua) kontratuari esker lan bila dabiltzan anitzek enpresako atea irekirik ikusi dute. Baina behin sartu eta, atetik ateratzearen beldur egon behar. Nagusiak arrazoirik eman gabe kanpora dezake langilea, bi urteko epean. Bi auzi gertatu dira jadanik Ipar Euskal Herrian, duela urte bat CNE kontratua indarrean ezarria izan zenetik.

Uztailean Bidarteko jatetxe bateko langile ohi batek Prud'hommes-etako auzitegira jo zuen. «Kontratu mugatuan ari zen lanean», azaldu digu Alain Duzert CGT sindikatuko Baionako idazkari nagusiak. «Kontratu mugatuan denbora bat lanean iragan ondoan, kontratu mugagabea egin behar izaten zaio. Langileak ez zuen oraino holako kontraturik, eta beraz nagusiak CNE kontratu bat egin zion. Laneko arazo bat ukan eta kanpo ezarri zuten».

Datozen asteetan auzi edo kexa gehiago izanen dela pentsatzen du CGTko kideak. «Baina zorigaitzez ez daukagu daturik. Ez dituzte Ipar Euskal Herriko zenbakiak eman nahi». Daturik gabe, CNEri buruzko irakurketa egiteko zailtasunak dituztela aitortu du.

Urte batez 583.700 CNE kontratu sortzeko xedea deklaratu dute enpresek, Frantzia osoko eta Ipar Euskal Herriko datuen arabera. Hogei langiletik beherako enpresetan egiten dira holako kontratuak. Hots, sortu diren enplegu berrien %10 baizik ez da sortu CNE neurriari esker. Sindikatuen ustez, ez da kopuru handia. Enpresaburuak, ordea, pozik daude kopuru horrekin.

AUZIAK. Sortu diren kontratuen ia herena hautsi da sei hilabeteko epean, Insee estatistika etxearen arabera. Baina estatistika berek diote hautsi diren kontratu gehienak langilearen erabakiz hautsi direla. Kontratuen %38 hautsi dira nagusiaren erabakiz. Auzia edo desadostasuna eragin duten kanporaketak 150 eta 400 bitartean dira. Ofizialeen Ganberen arteko erakundearen iritziz, kontratu «klasikoetan» baino anitzez auzi gutxiago izan da. «Sindikatuek ez dituzte enpresa txikiak ezagutzen», dio Alain Griset Ofizialeen Ganberren arteko erakundeko lehendakariak.

CFDTk, ordea, «segurtasun gabezia juridiko berri bat sortzea» leporatu dio CNE kontratuari. «Horren lekuko dira abiatu diren auzi guztiak, nagusi batzuek ez baitute lotsa handirik erakusten langileen eskubideak eta duintasuna zangopilatzeko». Enpresa batzuetan langile batzuk kanporatu izan dituzte, berriz berehala CNE kontratuan hartzeko. CFDTrentzat ez da nahikoa enpleguak sortzea, langileen eskubideak bermatzea ere funtsezkoa da.

CNE uda betean pasarazi zuen Frantziako gobernuak, iaz. Handik hilabete batzuetara, antzeko lan kontratu baten sortzea proposatu zuen Dominique De Villepin Frantziako Lehen Ministroak : CPE edo Lehen Lan Kontratua.CPEren kontra izan ziren protesta handien ondorioz, Frantziako gobernuak gibelera egin zuen. Sindikatuek garaipena ospatu zuten, baina CNE erretiratzearen alde borrokan segituko zutela hitz eman. Orain nahiko isilik daude gai horri buruz, ordea.

Bernard Cazala Pirinio Atlantikoetako Ofizialeen Ganberako lehendakaria

«Kontratu mugatu laburrak baino hobea da CNE, langileentzat ere bai»



E. Bidegain

Baiona

Bernard Cazala Baionako Ofizialeen ganberako presidenteak datu zehatzekin erantzun nahi zion elkarrizketari, eta aurretik ANPEn eta Lanaren Departamenduko Zuzendaritzan zenbakiak galdetzen ibili zen, jakiteko Ipar Euskal Herrian zenbat CNE kontratu sortu diren. Baina ez diote zenbakirik eman. Hala ere, baikor mintzatu da, enpresa txiki bateko nagusia.

Nolako balorapena egin duzue Ipar Euskal Herrian?
Zaila da balorapena egitea, departamenduko datuak ez dauzkagulako. Datuak lortzen ahalegindu naiz, baina ez ditut lortu. Frantziako datuak baizik ez ditugu. Guretzat, kontratu interesgarria da, enpresaburuari konfiantza ematen zaiolako. Langileei begira, nahiz eta hobekuntzak egin daitezkeen, nagusiek bete beharreko baldintzak berdinak dira. Ezin dugu egunetik biharamunera inor kanporatu, edozein aitzakiarekin. Aldaketa bakarra da bi urteko prestakuntza epea dela. Nagusiak bi urtez hobeki ikus dezake zein den langilearen jarrera, eta horren arabera langilearekin segitu ala ez. Ipar Euskal Herrian enpresa txikiak dira, maiz familiaren heinekoak. Langile on bat dugunean, atxikitzen dugu. Kontratu hori enpresa txikientzat egokitua da. Enpleguak sortzean malgutasuna behar da, bereziki ofizialegintzan. Langile bat duzunean eta beste bat hartzen duzunean, langile kopurua bikoizten duzu. Enpresa handietan ez da batere berdin.

Zein da CNEren abantaila kontratu arrunt bati konparatuz?
Abantaila, langileentzat ere, bi urteko kontratua izatea da. Erran diezagukete bi urte horietan noiz nahi moztu daitekeela kontratua, baina hiru hilabeteko kontratu laburrak baino hobe da. Kontratu mugatu txiki horiekin, langileak ez daki inoiz ea zer eginen duen hiru hilabete horien buruan. Kontratu honekin, arazorik ez baldin badago, langileak badaki bi urtez enpresa horretan egonen dela, eta ona baldin bada enpresa horretan jarraituko duela. Langileak ere erran dezake ez dagoela ongi enpresa horretan edo nagusi horrekin eta nahiago duela beste toki batera joan.

Bi urteren buruan nagusiak ez ote du langile hori kanpo ezarri eta beste langile bat hartzen ahal CNE kontratuan, merkeago aterako zaiolako?
Ekonomikoki, nagusiak ez dauka interesik. CNEri esker malgutasun gehiago dauka enplegu bat sortzeko. CNErekin karguak ordaindu behar dira berdin-berdin.

Soldatetan, antzinakotasuna kontuan hartu behar litzateke, adibidez?
Badakizu, enpresa txikietan, antzinakotasuna ez da asko kontuan hartzen. Pixka bat gehiago ordainduko dira langileak, baina ez da sistematikoa. Haien gaitasunaren arabera izaten da, hori. Ez dauka eraginik enpresa batean.

Kezka handia sortzen duena arrazoitu gabeko kanporaketa da. Zer diozu?
Puntu hori hobetu zitekeen. Komunikazio arazo bat izan da kontratu horien inguruan. CNEk osoki erantzuten die enpresa txikien beharrei. Nik gazte bat hartu dut nire enpresan, eta urte baten buruan ez dut kanporatuko, langile ona bada. Eta langile ona da. Egia da, aldiz, ez dela normal kanporaketen atalean ez dadin aurre abisurik izan. Beharbada ez zen nahiko negoziazio izan kontratu berri horri begira. Hori penagarria da.

Zein da CNE gehien sortu duen sektorea?
Eraikuntzaren sektorea. Harrigarri da, hala ere, inor ez dela gai errateko zenbat CNE sortu diren.

Frantziako datuen arabera, urtarriletik hona, gero eta enplegu berri gutxiago dira CNE kontratukoak. Horrek zer erran nahi du?
Bai, enplegu berrien %10 dira gaur egun CNE kontratuak. Kontratua ahultzen ari ote den? Ez dakit. Beharbada ofizialegintzan ez da hori baino enplegu gehiago sortzen. Enpresa txikiak ez dira enpleguak sortzen dituzten bakarrak.

Ipar Euskal Herrian gehixeago izan daiteke, ofizialengintzaren lekua ikusiz?
Bai, posible da. Baina zenbakirik gabe, zaila da erratea.

Langileek eta nagusiek nola bizi dute CNE kontratua?
Ofizialeen ganberan, sindikatuen ordezkaritza ez da horretaz mintzo. Enpresetan ez da inor mintzatu horretaz. Ez zaigu iruditu kontratu horren kontra dagoela gure inguruko jendea. Martxan ezartzen dituzten tresnak entseatu behar ditugu.

Zer giro sentitu duzue enpresetan CNEren eta CPEren kontrako mobilizazioen garaian?
Manipulazio bat bezala sentitu dugu. Ez dira gazteak hunkiak holako kontratuekin. Etorkizunean bai, baina orain ez. Gobernua milioika hauteslek hautatu zuten. Eta milaka gaztek manifestazioak egin dituztelako, CPE kentzen badute, ez du merezi bozka dezagun. Bete ditzatela beren erabakiak, hautesleek hurrengo hauteskundeetan erabakiko zuten.

ErreFormaren mamIa



Aldi baterakoak, finko. Enpresa berean aldi baterako bi kontratu edo gehiago izan dituen langilea finko izatera pasatuko da bi urte eta erdiren buruan, lanpostu berean bi urte edo gehiago eman baditu. Txanda, prestakuntza edota bitarteko kontratuak dauzkaten beharginei ere eragiten die neurri horrek.

33 eguneko kalte-ordaina. Enplegua Sustatzeko Kontratua orokor bihurtuko du lan erreformak. Alegia, 2007. urtea bukatu baino lehen mugagabe bihurtzen den kontratu orok kaleratzearen truke izango duen kalte-ordaina 33 egunekoa izango da lan egindako urte bakoitzeko, eta 24 hilabetez asko jota. Kontratu mugagabe ohikoaren kasuan, kalte-ordaina 45 egunekoa izango da, 42 hilabeteko gehienezko mugarekin.

Hobariak ugazabei. 800 euro emango dizkiete urtea amaitu aurretik egonkor bihurtzen dute aldi baterako kontratu bakoitzeko eta, bestela ere, 3.200 euro arte jasoko dituzte egiten duten kontratu mugagabe berri bakoitzeko.

Kotizazioak behera. Kontratu mugagabeetan, %6tik %5,75era pasatu da langabezia kuota, eta beste %0,25 gutxiago pagatuko dute ugazabek 2008tik aurrera.

Azpikontratak. Enpresa batek beste bati langileak uztea, beste inolako zerbitzurik eman gabe, legez kanpokoa izango da. Lan ikuskarien kopurua %20 handituko du Gobernuak, kontrolatzeko.

Behin-behinekotasuna bere horretan, kontratu finkoak areagotu arren



Uztailetik indarrean dagoEspainiako lan erreforma:CCOOk onuragarri iritzi dio , ELAk oso kaltegarriIban Ocio

Bilbo

Enpleguak gora jo ohi du uztailean. Lanpostu asko sortzen dira ostalaritzan eta aisialdi guneetan, baina lanean hasi bezain pronto kaleratzen dituzte langile asko. Behin-behinekoak dira sinatutako kontratu gehienak. Orain arte legez, aurten. Uda honetan, nolanahi ere, kontratu finko gehiago egin dituzte ugazabek. Espainiako Gobernuarekin eta patronalekin adostutako lan erreformari esker, CCOOk eta UGTk diotenez. «Ondo bidean» goazela goraipatu dute erreformaren bultzatzaileek. Besterik azpimarratu dute ELAk eta LABek: oraindik aldi baterakoak direla sinatzen diren hamar kontratutik bederatzi, finkoak bezainbeste ugaritu baitira.

«Ezertan» ez da nabaritu erreforma, Nafarroako ELAko Zerbitzuak Federazioko arduradun Oskar Rodriguezen iritziz. Lehengo lepotik ei dauka burua enpleguak. «Behin-behinekotasuna ez da jaitsi, inondik inora. Gauza bat da kontratu finkoen kopuruak gora egitea, eta besterik da aldi baterakoen pisua murriztea».

Hego Euskal Herrian 96.270 kontratu berri sinatu ziren uztailean. Horietatik, 88.323 izan ziren behin-behinekoak (%91,7). Aurreko urteetako hil berean bezainbeste, alegia. Finko bihurtutako kontratuetan datza aurtengo berezitasuna: aldi baterako 4.843 kontratu moldatu zituzten ugazabek, 2005ean baino 2.250 gehiago. Laguntzei esker, ziur aski. Enpresaburuentzat negozioa da lan erreforma, ELAko arduradunaren arabera. Egiten duten kontratu finko bakoitzeko500 eta 3.200 euro arteko laguntza ematen diete urtero.

AURRERAPAUSORIK EZ.Hori gutxi balitz bezala, urtea amaitu arte 800 euro eskura ditzakete finko bihurtzen duten aldi baterako langile bakoitzeko. Ez da diru gutxi. Eta, ildo horretatik, Rodriguezek salatu du ugazaben poltsikoa betetzeko eta prekarietatea areagotzeko soilik balioko duela erreformak. «Beti aipatzen dituzte helburu berberak: lanpostu iraunkorrak sustatzea eta enplegua egonkortzea.Behin-behinekotasunak, ordea, bere horretan dirau».

Hilabete eta erdi da erreforma indarrean dagoela eta Rodriguezek dio beharginen kalterako izan dela UGTren eta CCOOren lana: «Agian etekin ekonomikoa aterako zuten sindikatu bi horiek, baina osterantzean, kaleratze merkeagoa orokor bihurtzea besterik ez dute lortu». Patronalaren ikuspuntuak bere egitea leporatu die. «Ongizate estatua ez omen da modernoa, lan merkatuak malgutasuna behar omen du, eta kaleratze merkeek behin-behinekotasuna amaituko omen dute».

Patronalaren arrastoan dabiltzala ukatu du Euskadiko CCOOko Ekonomia teknikari Goio Martinek. Nabarmendu du, bestela ere, oraindik goizegi dela erreformaren ondorioez sakon hausnartzeko, baina positiboak direla aurreneko datuak. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko datuez aritu da. «Iaz baino %17 kontratu finko gehiago egin dira aurten: 5.360tik 6.302ra pasatu gara uztailean. Are gehiago, %2 jaitsi da aldi baterako kontratu kopurua: 71.211tik 69.740ra». Enpresaburuei emandako hobariek datuotan eragin handia izan dutela azpimarratu du.

«Pauso esanguratsua» da aldi baterako kontratuen beherakada. Azaldu du, ordea, behin-behinekotasuna oraindik «lar» handia dela, eta Administrazioak noizbait diru laguntzak eten beharko dituela. Kontratazio iraunkorra bultzatzea da erronka orain, dena den. «Sinatzen diren kontratu finkoen kopurua %9tik %15era igotzea lortu behar dugu hitzartu berri dugun erreformaren bidez».

Sinatutako kontratu finkoen kopurua igo egin da uztailean, baina %9an dago portzentajea oraindik

Ugazaben arrastoan ibiltzea eta kaleratze merkea orokor bihurtzea egotzi die ELAk CCOOri eta UGTri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.