Orain baino lehen esan dute argi edo ez hain argi euskal erakundeetako ordezkariek Espainia markak kalte egiten diola euskal ekonomiari. Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Burubatzarreko presidentea izan da tesi horrekin bat egin duen azkena. "Zama handia izaten ari da gure ekonomiarentzat, zentzu askotan eta aspalditik", esan du Onda Vasca irratian. Marka horrekin lotu ditu, adibidez, Madrilen ebola birusarekin kutsatutako erizainaren kasuak munduan izan duen oihartzuna eta Segiko kideek salatutako tortura kasuak Espainiako Estatuak ikertu ez izana.
"Ez digu ekarpenik egiten; aitzitik, zama handia da", esan du. "Marka horren pean egotearen balorazioa egingo bagenu, herrialde honentzat eta beste batzuentzat horrek duen prezioa jakingo genuke". Espainia euskal ekonomiarentzat "merkatu garrantzitsua" dela gaineratu du, "baina Europako beste batzuk bezala"; "ez da gure merkatu nagusia, gainera". Finean, Atutxaren arabera, Espainiaren "aterkiaren azpian egotea une honetan" arazoa da euskal ekonomiaren "garapenerako".
Cata-Edesa
Fagor Etxetresnen auziaren inguruan ere eman du iritzia. "Catak laster Edesarentzat plan zehatz bat egitea" espero duela esan du, baina aitortu du ez dutela oraingoz Bizkaiko Diputazioari orain egun batzuk enpresak eman zion informazioa besterik. Jarduera hil honen amaieran hasiko duela iragarri du Kataluniako taldeak, Eskoriatzan eta Garagartzan (Arrasate), eta jarduera hori hastean albisteak espero dituela erantsi du Atutxak.
Pedro Malagon epaileak Catari egindako aktiboen adjudikazioa ez da gauzatu oraindik, ordea; ez da sinatu lantegiak eta beste jabetza batzuk esku aldatzea, oraindik. BERRIAk jakin duenez, "aktibo zehatz batekin arazo batzuk daude". Ezaguna da, ordea, Espainiako Gizarte Segurantzak helegite bat jarria duela Fagor Etxetresnen zor zehatz bat (lau milioi euro) Catak bere gain har dezan. Helegite hori argitu arte; Catak ez luke nahiko kontraturik sinatzea, adjudikazioa edozein zamatik libre lortzea baitu helburu, hasiera-hasieratik garbi utzi zuen moduan. Baliteke datorren astean iristea sinadura hori, "edo hurrenean".