«Atxikimenduak ikusita, grebak arrakasta izango du»

Jaurlaritzak finkatutako gutxieneko zerbitzuen aurka «ia ziur» helegitea jarriko dute sindikatuek

Miren Garate.
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Enpresaz enpresa egindako batzarretan ikusitakoarekin, zalantzarik ez dute sindikatuek: «Lortutako atxikimenduak ikusita, grebak arrakasta izango du». Martxoaren 19ra bitarte egindako batzarretan, 900 enpresa baino gehiagotako langile batzordeek erakutsi dute greba egiteko asmoa.

Deialdia izaten ari den babesarekin pozik agertu dira ELA, LAB, EILAS, EHNE, Hiru eta CGTko ordezkariak Donostian egindako agerraldian. «Jasotako sostenguak argi erakusten du aplikatzen ari diren erreforma eta doikuntzeigreba orokorrarekin erantzuteko grina eta gogoa duela lan munduak». Nabarmendu dute enpresa pribatuetan ez ezik sektore publikoan eta gizarte zerbitzuetan aritzen diren enpresetan ere atxikimendu ugari ari dela izaten deialdia. Besteak beste, EHUn, diputazioetan eta udal handietan jasotako babesa aipatu dute. Grebaren ondoren sindikatuek langileen eskubideekin duten konpromisoa «indartuta» aterako dela diote.

«Gehiegizko» zerbitzuak

Lortutako atxikimenduekin pozik daude, baina ez hainbeste Eusko Jaurlaritzak finkatutako gutxieneko zerbitzuekin —azken hiru urteetan ezinbesteko zerbitzu berdinak jarri ditu—-.ELAk iragarri du «ia ziur» helegitea jarriko dutela.

Euskadiko CCOO eta UGT ere aztertzen ari dira. «Muga guztiak hautsi dituzte», esan du Sabino Santolalla CCOOko Antolakuntza idazkariak. Haren esanetan, gehiegizkoak dira gasolina zerbitzuguneetan eta ordainpeko errepideetan jarritako baldintzak. «Gutxieneko zerbitzurik ez litzateke finkatu beharko, badaudelako errepide alternatiboak». Nafarroan, oraingoz, garraioan soilik adostu dituzte gutxieneko zerbitzuak. %28koak izango dira. Gainerakoen berri asteartean emango dute.

Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak eta CEN Nafarroako enpresaburuen elkarteak ere hitz egin dute grebari buruz.«Tokiz kanpokoa» dela esan du Lujuak. «Galera ekonomiko handiak ekarriko ditu, eta, gainera, ez du ezertarako balioko». Gaineratu du «errealitatea den bezalakoa» dela, eta malgutasuna, bizkortasuna eta etengabe egokituz joateko gaitasuna eskatzen duela. «Ezin ziren onartu gure lan merkatuko zurruntasuna eta eraginkortasun falta. Horiek mantentzen saiatzeagatik gaude, neurri batean, egoera honetan».

CENen esanetan, «erabat ezegokia» da greba, eta berreskuratzen zaila izango denkalte ekonomikoa eragingo dio Nafarroako Gobernuari. Grebarako eskubidea errespetatzen duela azaldu du patronalak. Hala ere, gogoratu du lanerako eskubideak ere balio berbera duela. «Erantzukizunez jokatzeko eskatzen diegu grebaren antolatzaileei, lan egin nahi dutenen eskubideak errespeta ditzatela». Era berean, sindikatuei gogoeta egiteko eskatu die, grebak euren interesen alde zer ekarpen egingo duenikusteko.

Italian ere, erreforma

Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformaren aurka izango da hilaren 29ko lanuztea. Europan ere hainbat herrialdek hartu dituzte kaleratzeak errazteko eta lan eskubideak murrizteko neurriak. Italia izan da horietan azkena. Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen lan erreforma berrirako lege proposamena.

Langileen Estatutuko 18. puntua aldatzeak eragin du haserrerik handiena langileen artean. Horri esker, enpresek langileak kaleratzeko aukera izango dute arrazoi ekonomikoak argudiatuta. Kalte-ordainak 15 eta 27 hilabete artekoak izango dira. Diziplinazko kaleratzeen kasuetan, absentismoagatik botatakoen kasuan adibidez, epaileak erabaki beharko du enpresak langilea berriro hartu behar duen edo ez.

Hilabeteak eman dituzte erreformaren gainean negoziatzen sindikatuek eta gobernuak, baina ez dute akordiorik lortu. CGILek, herrialdeko sindikaturik handienak, zortzi orduko lanuztera deitu du jadanik.Oraindik ez dute zehaztu noiz izango den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.