Atzerako kontua Mercedesen

2014. urtetik aurrera Gasteizen ibilgailuak egiten jarraitzeko, langileen baldintzak zorroztu nahi ditu

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Autogintzako lantokien patua da. Epe jakin bat izan ohi dute ibilgailuek, eta horien ordezko eredua non ekoitziko den prozesua baliatu nahi izan dute konpainiek langileen baldintzak estutzeko. Hala izan da Nissanek Bartzelonan dituen lantegietan, eta hala izango da Mercedes-Benzek Gasteizen duen lantokian ere, enpresak aurreratu duenez.

Vito furgoiaren ekoizpena izan da lantegiaren bizibidea 2003. urtetik. Horren ordezkoa non produzituko duen aurten jakinarazi beharko du Alemaniako zuzendaritzak. Hasiera batean, abantaila omen du Arabako hiriburuak, furgoiak egiteko prest dagoelakoeta esperientzia duten langileak dituelako. Baina dena ez da horren erraza izango.

Orain dela hilabete eta erdi langileekin batzartu zen Emilio Titos, Mercedes-Benzek Espainian eta Hego Euskal Herrian dituen lantokietako zuzendaria. Ibilgailu berriaren enkargua jaso ahal izateko, «bake soziala» eskatu zuen, eta lan harremanak zehazteko beste esparru bat. Zer esan nahi du horrek? Jose Antonio Moreno langile batzordeko presidente eta UGTko kidearen arabera, soldatak murriztea eta larunbat arratsaldeetan eta igande gau batzuetan lan egitea izan liteke, Alemaniako lantegi batzuetan egiten duten gisara.

Efe agentziaren arabera, zuzendaritzak esan du Gasteizko lantegiak produktibitatea, kostuak eta kalitatea hobetu behar dituela, eta, horretarako, lana malgutzeko neurriak exijitzen dituela. Egungo Vito furgoiaren ekoizpena amaitzear dago, eta etorkizunean bi aukera baino ez direla gertatzen ohartarazi du Mercedes-Benzek: edo eredu berriaren ekoizpena jasotzea edo ibilgailurik gabe geratzea.

Enpresaren oharrek helburu zehatz bat dute. Datozen asteotan lan itun berria negoziatzen hasiko dira zuzendaritza eta sindikatuak. Negoziazio horietan zer gertatu, «pisu handia» izango du eredu berria ekoizteko aukeran, zuzendaritzaren ustez. Alegia, itun horrek baldintzatuko du Vitoren ordezkoa Euskal Herrian egingo den edo ez.

Krisi ekonomikoak ondorioak izan ditu Mercedes-Benzen. Izan ere, azken urteotan bi erregulazio eskaera izan dituzte beharginek, eta zenbait malgutasun neurri onartu behar izan dituzte, batzordeko gehiengoaren babesarekin. 2008. urtean 100.000 ibilgailu atera ziren Gasteizko lantegitik, 2009an 55.000 izan ziren, eta 2010. urtea 70.000 ibilgailurekin amaitzea espero zuten.

Enpresaren presioak ere aldatu ditu sindikatuen arteko indar harremana. Azaroan hauteskundeak izan ziren lantegian. UGTk irabazi zuen berriro, baina botoetan eta ordezkarietan atzera egin zuen, nabarmen. Aldiz, ELA eta LAB indarturik atera dira. 3.100 langile ditu Mercedes-Benzek Arabako hiriburuko tailerretan eta bulegoetan.

Nissanen eredua

Datozen hilabeteotan Gasteizen gertatuko denak zerikusia izan dezake Bartzelonan Nissaneko langileek onartu behar izan duten aldaketekin. Noranahiko berri bat lantegi horietan egitearen truke, malgutasun neurri zorrotzak eskatu zizkien zuzendaritzak. Neurrien artean zeuden 2012, 2013 eta 2014. urteetan soldata ez igotzea, produktibitatea %6 handitzea eta 15 larunbatetan lan egitea.

Itunari buruzko bozketan 3.018 langilek parte hartu zuten, eta hamarretik zazpik onartu zituzten eskatutako murrizketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.