Nafarroako Gobernuak jarri dizkio zifra makroekonomikoak krisiari, eta datuek islatu dute aurreikuspenak espero baino beltzagoak direla. Izan ere, iaz barne produktu gordina %1,9 handitu zen, eta aurten balaztari sakatuko dio bete-betean eta jarduera ekonomikoak %1,1 egingo du atzera. Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariaren arabera, krisia «bere gordintasunean» agertuko da. Haren itxaropena da aurten hondoa joko duela, eta udatik aurrera suspertzen hasiko dela.
Gobernu kontseilu ostean hitz egin zuen atzo Mirandak, eta aurreikuspen beltz horiek arintze aldera, uneoro Espainiako datuekin alderatu zituen. Alderatu ez ezik, Espainiako Gobernuari zeharkako kritika ugari egin zizkion. «Krisiaren aurrean ez gaude zur eta lur, beste administrazio batzuek dauden modura. Gobernuari ez zaio krisiari aurre egiteko tarteak amaitu». Beste une batean, Espainiako Gobernuaren aurreikuspenak «zalantzan» jarri zituen.
EAEren aurreikuspenekin alderatuta, baina, beherakada handia jasango du. Industriak %1,6, eta, batez ere, eraikuntzak %3,7 atzera egitea espero duela gobernuak. Horren ondorioz, langabeziak nabarmen gora egingo duela uste du gobernuak: iaz batez besteko tasa %6,7koa izan zen, eta aurten batez besteko %10,5era ailegatuko dela kalkulatu du. Aipagarria da ere inbertsio pribatuaren beherakada itzela -ia %6ko jaitsiera iragarri du-. Egoera horri aurre egiteko gobernuaren apustua Nafarroa 2012 plana da.
Atzeraldi betean sartuko da Nafarroan ekonomia
Mirandaren arabera, aurten hondoa joko du, iaz %1,9 hazi ostean %1,1 atzera egingo baitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu