Ofiziala da: Hego Euskal Herri osoa atzeraldi egoeran dago. Eta luzerako izango da. Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2009. eta 2010. urteetan barne produktu gordina (BPG) jaitsi egingo da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburu berriak heldu den urtearen amaieran soilik ikusten du hazkundea egoteko aukera; «oso apala» , hala ere.
Aldagai ekonomiko gehienek iragartzen zuten egoera txarra egiaztatu da azken egunotan. Hala, Nafarroan BPGak urteko lehen hiruhilekoan %1,6 behera egin zuela azaldu zuen Sanzen gobernuak iragan astean. Atzo, berriz, EAEko BPGa %1,7 jaitsi zela jakinarazi zuen Jaurlaritzak. Bi kasuetan ekonomiak segidan atzera egin duen bigarren hiruhilekoa izan da, eta, horrenbestez, atzeraldi teknikoan sartu dira Hegoaldeko lau herrialdeak.
«Ziklo ekonomikoaren unerik apalenean gaude», ohartarazi zuen Agirrek atzo, eta aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan BPGak %2,4 eta %2,8 bitartean jaitsiko dela iragarri zuen. Aurtenurte amaieran gainbeheraren erritmoa apur bat motelduko dela espero dute, baina jaitsierak jarraituko du, eta 2010eanhazkunde negatiboa %0,6 eta%1 bitartekoa izango dela uste dute.
Aurretik Eusko Jaurlaritzak esku artean zituen aurreikuspen guztiak jaitsi ditu gobernu berriak. Hazkundeari buruz egindako azken agerraldian, joan den otsailaren 17an, EAE ez zela atzeraldian sartuko, eta, gainera, produkzioaren uzkurdura arintzen ari zela ziurtatu zuen Idoia Zenarrutzabeitiak, orduko Ogasun sailburuak. Agerraldi horretan aurretik eginiko iragarpenari eutsi zion Zenarrutzabeitiak: EAE %0,5 haziko zela aurten.
Urte arteko tasari erreparatuz gero, %2,5 egin du atzera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak. Sektoreei dagokienez, industriak izan du gainbeherarik handiena: %8,4. Kontsumo pribatuak eta inbertsioak ere jaitsiera handia izan dute.
30.000 lanpostu galdu dira
Ekonomiaren gainbeherak eragin zuzena izango du enpleguan. Kalkulu berrien arabera, aurten batez beste 27.000 eta 30.000 lanpostu bitartean galduko dira. Datorren urtean, berriz, «joerak» beste 15.000 enplegu galduko direla erakusten du. Edonola ere, orain arte enplegu erregulazioek eta enpresen «espezializazioak» lanpostu galera «mugatu» dutela azpimarratu zuen Ogasun sailburuak. «Lehen hiruhilekoan 21.700 lagun sartu dira erregulazioan, eta soilik 600 izan dira behin betiko kaleratzeak».
Garrantzitsuena, Agirreren ustez, krisialditik nola atera izango da. Horren haritik, Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok hizpide izan duen hazkunde ereduaren aldaketa aipatu zuen, denen lankidetza eskatzeko. «Barku horretan edo denak salbatuko gara, edo denak hondoratuko gara».
Bestalde, zerga bidez ogasunek bildutako dirua, oro har, %10 jaitsi da apirila bitarte. Jaitsierak Ibarretxeren gobernuak zituen altxortegi soberakinak «irentsi» dituela ziurtatu zuen Agirrek. 1998. eta 2008. urteen artean superabita egon da, baina iazko aurrekontua osatzeko eta Espainiako Gobernuak agindutako zorpetzea ez gainditzeko, zatirik handiena erabili zuen Gobernuak. «Jaurlaritzako diru soberakinen mitoa erori da». Egun, 500 milioi baino gutxiago geratzen dira.
Zerga bilketak ez ditu lortuko Finantzen Euskal Kontseiluan zehaztu ziren kopuruak. Hori dela eta, gaurko gobernu kontseiluan aurrekontuak berrikusteko eskatuko du Ogasun Sailak. Gobernuko departamentu bakoitzak bere eginbeharrak aztertu, eta gastuak arintzeko aukera bilatu beharko du.
Gipuzkoak dagoeneko eskatu du aldundien ekarpenak berriro finkatzeko, bilketaren jaitsiera dela eta. Ogasun sailburu berriak ez du Finantzen Euskal Kontseilua biltzeko asmorik, baina, hala ere, Zergak Koordinatzeko Organoaren bidez egoera aztertuko dutela agindu du. Ahaldun nagusiekin ere «hainbeste ofizialtasun gabe» hitz egitea espero du.
Zor publikoa 2010ean
Krisiari aurre egin ahal izateko finantzaketa zorpetzearen bidez lortuko duela aurreratu zuen Patxi Lopezek inbestidura saioan. Carlos Agirrek berretsi zuen asmoa hori dela, eta zorpetzeko «abagune esanguratsua» dagoela esan zuen. Haren arabera, gaur egun Gobernuak duen zorpetze tasa BPGaren %1 inguru da, eta erkidego autonomoen batez bestekoa %6 da. «Alde horretatik 3.000 milioi euro atera daitezke, kutxa publikoei kalte berezirik egin gabe». Heldu den urtean, gainera, Gobernuak zor publikoa jaulkiko duela jakinarazi zuen.
Era berean, autoak erosteko Espainiako Gobernuaren programarekin bat egin edo ez gaur aztertuko du Jaurlaritzak. Ogasun eta Ekonomia sailburuaren ustez, «litekeena» da EAEn ere laguntzak martxan jartzea.
Atzeraldia bi urterako EAEn
2009an eta 2010ean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak atzera egingo duela aurreratu du Eusko Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu