Ekonomia

Atzeraldiaren amaierak itxaron egin beharko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Hirugarren hiruhilekoan BPGak ez du aldaketarik izan. Urte arteko tasan -%1,1ean kokatu da.

Ivan Santamaria.
2013ko azaroaren 8a
11:10
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak ez du aldaketarik izan 2013. urteko hirugarren hiruhilekoan. Ez gora eta ez behera. Atzeraldi teknikoa amaitzeko hazkunde hamarren bat egotea espero zen, baina ez da horrela izan, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur goizean aurreratu duenez.

Urte arteko tasan bai, hor izan da aldaketa bat. Urteko bigarren hiruhilekoan ekonomiaren erorketa %1.5 izan zen, aurreko urtearekin alderatuz, eta orain jaitsiera %1,1 izan da, behera egiteko joera gelditu den seinale. Nafarroan egoera antzekoa da: ez da hazkunderik izan hiruhilekoen artean, baina urte arteko tasan %1,3 atzera egin du ekonomiak.

Datorren astean emango du Eustatek kontu ekonomikoen xehetasunen berri. Gaurko agirian aurreratu duenez, eskaintzaren aldean sektore ekonomiko guztiek dituzte datu negatiboak aurreko urtearekin alderatuz. Eskaeraren aldetik, berriz, kanpo sektorearen ekarpen positiboa dago, baina ez  da aski barne kontsumoak duen motelaldia orekatzeko. Barne eskaeraren jaitsiera aurreko hiruhilekoaren antzekoa da.

Enpleguaren datu txarra ere baieztatu du Eustatek. Kontu ekonomikoek lanaldi osoko lanpostu parekideen kopuruetan neurtzen dute enpleguaren egoera. Neurketa horrek dioenez, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz hiru hamarren (%0,3) murriztu dira lanpostuak, eta bi puntu (%2) aurreko urtetik. Azken datu hori 20.000 lanpostu inguru dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.