Duela hilabete batzuk Europako ekonomia krisiaren maldan gora zihoan eta motorra trabakatzenhasi zitzaion. Orain jada Europako ekonomiaren motorrak ez du indarrik gora egiteko eta maldan behera doa, frenorik gabe: barne produktu gordina (BPG) %1,5 jaitsi zen iazko hirugarren hiruhilekotik laugarrenera Europako Batasunean (EB) eta eurogunean. EBko ekonomia atzeraldian sartu da jada.
Iazko hazkundeari buruzko datuak positiboak izan ziren: EBko ekonomia %0,9 hazi zen eta eurogunekoa %0,7. Hala ere, 2007ko azken hiruhilekotik 2008kora BPGaren igoera negatiboa izan zen, %1,2koa EBn eta %1,1 eurogunean.
Eurostatek hamabost herrialderi buruzko datuak eman zituen atzo. Horietatik sei atzeraldian sartuta daude. Emandako datuen artean nabarmena Alemaniaren datua da, alegia, Europako ekonomiaren motorrarena: irailetik abendura bertako BPGa %2,1 jaitsi zen, herrialdetik kanpoko eskaintzaren jaitsieraren ondorioz. Aintzat hartu behar da abenduan Alemaniako industria produkzioak %4,6ko jaitsiera izan zuela, hilabete bakarrean izandako handiena 1990etik, bat-egitea izan zenetik.
Datu horrek isla izan du Europako Batasuneko datuetan. Azarotik abendura industria produkzioak %2,3 egin zuen behera Europako Batasunean eta %2,6 euroaren eremuan. 2007ko abenduko datuarekin alderatuz gero jaitsierak nabarmen handiagoak dira, bai Europako Batasunean (%11,5), bai herrialde gehienetan: Espainian %19,6, Alemanian %12,4 eta Frantzian %10,7, esaterako.
Datu txarrak espero zituzten gehienek. Baita Europako Batzordeak ere. «Zoritxarrez, zenbakiak ez dira sorpresa», esan zuen atzo Amelia Torresek, Europako Batzordeko Ekonomia eta Diru Gaietarako bozeramaileak.
Hala ere, Torresek epe motzeko etorkizunari buruz ikuspegi baikorra eskaini zuen: Europako Batzordeak espero du ekonomiak atzera egingo duela aurtengo lehen hiruhilekoan, baina «neutroa edo positiboa» izango dela bigarrenetik aurrera, herrialdeek krisiari aurre egiteko abian jarri dituzten planei esker.
344.164 auto gutxiago
Europako ekonomiaren motorrak ez du indarrik krisiaren maldari aurre egiteko, bertako auto industria etengabe gainbehera egiten ari delako: urtebetean %26,9 jaitsi da auto berrien salmenta Europako Batasunean. Aurtengo urtarrilean iazkoan baino 344.164 auto gutxiago saldu dituzte, Europako Auto Ekoizleen Elkarteak (ACEA) emandako datuena arabera. Jaitsiera %23koa izan da Hego Euskal Herrian.
Aintzat hartu behar da EBn ehun langiletik seik autogintzan lan egiten dutela. Sektoreak hamabi milioi langile ditu, 2,2 milioi lanpostu zuzenetan eta 10,3 zeharkakoetan.
Portzentajeei dagokienez, jaitsierarik handiena Islandiak izan du: %88,1ekoa. Islandiako ekonomia ikusita, ez daude auto berriak erosteko. Herrialde garrantzitsuenen artean, jaitsiera handiak izan dituzte Irlandak (%66,5), Espainiak (%41,6), Erresuma Batuak (%30,9) eta Italiak (%32,6). Italian iaz baino 76.000 auto gutxiago saldu dituzte urtarrilean. Jaitsierarik apalena izan duen herrialdea Frantzia izan da: salmentak %7,9 jaitsi dira.
Egoera ikusita, Europako hainbat herrialdek diru laguntzak onartu dituzte autogintzarentzat. Frantziak 6.000 milioi eurokoa, Erresuma Batuak 3.000 milioikoa eta Alemaniak 2.000 milioikoa.
Autogintza laguntzeko plana onartu duen azken herrialdea Espainia izan da.Espainiako Gobernuak 4.170 milioi euroko plana onartu du. Auto ekoizleek laguntzak jasoko dituzte langilerik kaleratzen ez badute.
Atzerantz, frenorik gabe
Europako Batasuneko eta euroguneko barne produktu gordina %1,5 jaitsi da, eta bertako ekonomia atzeraldian sartu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu