FAGOR ETXETRESNAK. PABLO MONGELOS. FAGOR ETXETRESNETAKO ZUZENDARI NAGUSIA

«Aukera aparta daukagu gure balioak filialetan hedatzeko»

BILBO
2005eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
«Inoiz baino indartsuago dago» Fagor, enpresako zuzendari nagusi Pablo Mongelosek Berriari kontatu dionez.

Etxetresnen merkatuan tamainak berebiziko garrantzia daukala nabarmendu duzu.

Brandti esker, liderrak izango gara Europa osoko lau merkatu garrantzitsuenetako bitan: Espainian eta Frantzian.

Multinazional bihurtzeak zer edo zertan aldatuko du Fagorren izaera kooperatibista?

Ez, inondik inora ez. Mugimendu kooperatibistak bilakaera handia izan du esperientzia industrialaren joanean, globalizazioak bete-betean eragiten die halako enpresei, baina Fagorrek eutsi egingo dio bere betiko filosofiari. Aukera aparta daukagu gure balioak enpresa filialetan hedatzeko, MCCko kooperatiben kultura ezagutarazteko.

Kudeaketa parte-hartzaileagoa bultzatuko duzue, nolabait.

Nazioartean ez diegu ez ikusiarena egingo gure ezaugarriei. Gure kultura ezarriko dugu eta, aldi berean, tokian tokikoa errespetatuko. Agian, Poloniako langileak ez dira sentituko Fagorreko kide %100ean. Beren gizarteari ekarpenak egiten dizkiogula senti dezakete, ordea.

Brandt erosi izanak zertan egingo die mesede euskal langileei eta, oro har, euskal gizarteari?

Talde sendoagoa bihurtu gaitu, nazioarteko lehia gero eta bortitzagoari aurre egin ahal izango diogu, enplegua sortzen segituko dugu, eta erabakiak, noski, Arrasaten hartuko ditugu. Langileentzat eta gizartearentzat garrantzitsua da Fagorren aginte gunea hemen egotea.

Atzerrian gero eta lantegi gehiago izateak gutxituko al ditu lanpostuak Euskal Herrian?

Irabaziak eta enplegua uztartzea da gure konpromisoa. Dirutza inbertitzen ari gara hemengo lantegietan, eta enplegua sortzen segituko dugu, negozio esparru berrien bitartez, batik bat. Betiko lantegietan baino lanpostu gehiago sortuko ditugu enpresa berritzaileetan. Multinazionalak ohituta daude lantegiak ixtera. Gu ez, ordea.

Fagorrek Espainian saltzen du etxetresna gehien. Zer irudi dauka?

Espainiarrei galdetu beharko genieke. Dena den, guk zera diogu beti: Fagor Espainiako merkatuko marka liderra da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.