Lan baldintzak

"Aurpegi berriak baino gehiago" behar dela esan dio LABek Angel Toñari

Sindikatu abertzalearen ordezkariak Enplegu sailburu berriarekin batzartu dira, eta bilera horretan esan diote "norabide aldaketa derrigorrezkoa" dela.

xabier martin
2015eko otsailaren 24a
17:11
Entzun

Bukatu da Angel Toñari emandako kortesiazko epea. Gauza bat da sindikatuak Toñaren jarrera defenditu izana administradore konkurtsal gisa jasotako inhabilitazioaren harira, eta bestea Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu gisa exijitzen diotena. LABek azkar esan dio "aurpegi berriak baino gehiago" behar duela gaur egun egoerak hobera egiteko.

Toñak sindikatu abertzalearen ordezkari nagusiak hartu ditu, eta haiengandik entzun du "norabide aldaketa" egitea "derrigorrezkoa" dela. Alegia, bere aurrekoak, Juan Mari Aburtok martxan jarritako ildoa ez duela ontzat ematen LABek, eta "enplegu politika eta babes sozialean" beste zerbait nahi duela. Neurriak hartzeko esan diote sailburuari, eta neurri horiek zeintzuk diren ere helarazi diote, LABen proposamena ezagutaraziz. "Lan mundua berrantolatzea" da proposamenaren helburua.

"LABek prestutasuna adierazi dio Enplegu sailburu berriari lan mundua berrantolatzeko eztabaida egiteko. Horretarako, eta bere garaian egin bezala, Angel Toñari gure proposamena helarazi diogu, lan harreman eredu eta babes sozialerako eredu berrirako proposamena. Pobreziaren aurkako borroka ere lehentasunezkoa da sindikatuarentzat".

Elkarrizketa sozialerako mahaia

Aburtok, EAJko Bilboko alkategai izendatu aurretik, martxan jarri zuen legegintzaldi hasieratik etxeko lanen zerrendan toki garrantzitsua zuen auzia: ekarrizketa sozialarena, baina porrot egin zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gehiengo sindikala mahai horretara erakartzeko saioan. Hala ere, CCOOrekin eta UGTrekin batera mahaia eratzea erabaki zuen Confebasken oniritzia ere bazuela aprobetxatuz. Tren hori gidaririk gabe dago orain, edo hobe esateko, gidari berria dauka: Angel Toña, eta ikusteko dago trebetasun nahikoa ote duen gehiengo sindikala bertara erakartzeko. 

"Elkarrizketa sozialeko mahaiaren ibilbidea zein izango den argitu beharko du", esan du LABek. "Mahai hau ez da sortu lan munduko benetako arazoei erantzuteko, ezta sakoneko eztabaidei ekiteko ere". Bistan da LAB ez dela mahai horretara gerturatuko sakoneko aldaketarik egin gabe. "LABek argi du politikak langileok behar dugun norabidean jartzeko, lehenik eta behin, zer-nolako lan harreman eta babes sozial eredua nahi dugun eztabaidatu eta erabaki behar dugula".

Aurreko astean ELA sindikatuarekin batzartu zen Enplegu sailburu berria, eta haiek ere errieta egin zioten, "bere egin duelako doikuntza eta murrizketen politika". ELAk salatu zuen bileran argi ikusi zutela sailburu berriak ez duela "inolako asmorik" orain arteko politika eteteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.