Beldurrak eragiten dio gehien petrolioari. Uda sasoian, kotxeen erabilerari eta aire girotuaren kontsumoari beldur dira erosleak; neguan, berogailuari. Bestela, hornikuntza arazoek eta biltegien murrizketak kikiltzen dituzte merkatuak. Atzo, inoiz egin ez bezala, Brent upelak 57,65 dolar iritsi zituen, 58 dolar ukitzear zen AEBetakoa. Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea (LPEE) eskaria asetzeko gai izango ez den beldur dira erosleak, nahiz eta eguneko ekoizpena 500.000 upelean handitu duen apirilean.
«Hazkundeak ondoriorik ez ekartzeak merkatua oso indartsu dagoela esan nahi du», azaldu du Kevin Norrish Barclays Capital inbertsio bankuko analistak. Izan ere, erosleak ez dira baretu, eta helburu horrekin, beste ekoizpen hazkundea aztertuko du LPEEk.Ahmad Al Fahd Al Saba erakundeko presidenteak aurreratu du, azken asteotan prezioak beherantz ari zirenez, ekoizpen hazkundearen inguruko eztabaidak bertan behera utzi dituztela. Azken egunotako egoera bestelakoa izaki, erakundeko Petrolio ministroekin solasaldiak abiatuko ditu, 500.000 upeleko beste hazkundea eztabaidatzeko. Indonesiak, Qatarrek eta Kuwaitek aurreratu dute artean ez dutela jakinarazpen ofizialik izan, baina ekoizpen hazkundearen alde egiteko prest direla.
Erregaiak %8 garestiago
Edmund Daukoru Nigeriako Gobernuaren aholkulariaren arabera, «prezioak 55 dolarren gainetik jarraitzen badu, 10 edo 14 egunen buruan erabakia hartuko dugu». Eskaintza maiatzetik aurrera handitu daitekeela azaldu dute.
Erosleek ez dute atzerantz zirkinik egin, gasolinaren salneurria nabarmen garestitu den arren. Espainiako Industria ministroak jakinarazi du gasolioaren prezioa %8 garestitu dela urtarriletik, litroko 0,873 eurora iristeraino. 95 oktanoko berunik gabeko gasolina, berriz, %8,5 garestitu zen, 0,913 euroraino.AEBetako Energia Sailak aitortu duenez, eguneko gasolina kontsumoa 9,1 milioi upelekoa izan zen Estatu Batuetan martxoan, iaz baino %2 handiagoa.
AURREIKUSPEN EKONOMIKOAK. Etengabeko izuak 57 dolarretik gora bultzatu du Brenta
Petrolio upela 57,65 dolarreraino iritsi da, eta urte hasieratik gasolioa eta gasolina %8 inguru garestitu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu