Lehengaien prezioen gorakadaren ondorioz, Siemens Gamesak aurreikuspenak doitu ditu, eta aurten eta hurrengo urtean galerekin amaitzea aurreikusi du, Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) jakitera eman dionez. Iragarpen horren ondorioz, konpainiaren akzioek eroriko handia izan dute burtsan: %15 inguru gaur goizean.
Haize erroten fabrikatzailearen tituluak akzioko 22 eurokoak dira, atzo 26,28 euroan itxi ostean. Konpainiak ia %32ko galerak izan ditu aurten. Halaber, eta hirugarren hiruhileko fiskaleko emaitzei dagokienez (uztailaren 30ean argitaratuko dituzte), 2.700 milioi euroko salmentak eta 150 milioi euroko galerak aurreikusten ditu.
Dena den, Andreas Nauen Siemens Gamesako zuzendariak «baikor» jarraitzen du. 2022rako espero zuen errekuperazioa, baina hori beste urtebetez atzeratu du: 2023rako % 8-10eko irabaziak espero ditu..
Lurreko haize erroten negozioa dabil pattalen, proiektu batzuk atzeratu direlako, eta AEBek sektoreari ezarritako muga zergak direla eta (horiei eusteko asmoa jakinarazi zuen herenegun Washingtonek). Negozio hori da, hain justu, Euskal Herritik gidatzen duena. Zamudioko (Bizkaia) konpainiak hainbat lantegi itxi zituen iaz, palak egiten zituen Euskal Herriko azkena, Agoizkoa, besteak beste, eta 238 langile kaleratu zituen.