Banku ahulak elkartzeak arazoak konpontzeko formula gisa hutsune asko dituela erakutsi dute azken urteetako hainbat kasuk.
Banca Civica
Euskal Herrian eragin gehien izan duen kasua da, CAN Nafarroako Kutxaren desagerpena ekarri zuelako. 2010eko martxoan, CANeko buruek erabaki zuten Banca Civica sortzea, Caja Burgosekin eta Caja Canariasekin batera. Norbere lotsak elkarren artean estaltzea zen asmoa, baina lotsak ezkutaezinak bihurtu ziren Cajasol andaluziarra batu zitzaienean. Kapital behar gorrian zegoela, 2012ko martxoan Caixabank ahaltsuak erosi zuen. Haren %1en jabe da CAN orain.
Bankia
«Espainia porrotera eraman zuen bankua». Titulu horrekin azaldu zuen Financial Times-ek Bankiaren auzia. Ez da erratu, Bankia bere kabuz salbatzeko dirua behar izateak eraman zuelako Espainiako Gobernua Europako Batasunaren erreskatea eskatzera, 2012an. Guztira, 23.465 milioi jarri zituen garbitzeko Caja Madrid, Bancaja eta beste bost kutxa txikiren maitasunik gabeko ezkontzatik sortutako munstroa. Dirutza hori eta haren truke Espainiako Gobernuak bete beharreko baldintzak —BEZa igotzea, lan erreforma gogortzea, pentsioak izoztea, langabezia laguntzak jaistea...— herritar guztiek ordaindu dituzte.
ABN-Amro
2007an, hiru bankuk haien artean banatu zuten Herbehereetako ABN-Amro. Dirutza ordaindu zuten, eta aktibo toxikoz betetako zulo bat eskuratu zuten horren truke. Digestioa egiterik ez, eta Erresuma Batuko Gobernuaren laguntza eskatu behar izan zuen Royal Bank of Scotlandek, eta Belgikakoa, berriz, Dexiak. Hirugarren eroslea soilik irten zen onik, Santander espainiarra.
Bank of America + M.Lynch
Lehman Brothers erortzear zegoela, 2008ko irailean, Merrill Lynch inbertsio bankuak bere burua eskaini zion Bank of Americari, 45.000 milioi euroren truke. Hilabete batzuk geroago, Bank of America bera erreskatatu behar izan zuen AEBetako Gobernuak. Diru publikoari esker, egoera onbideratzea lortu zuen, eta egoera onean dago.
AURREKARIAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu