Lehengo asteartean Cooperativa Azcoitiana Industrial galdategian izandako istripu batean oso larri zauritu zen langilea hil egin da. Burdina urtua gainera erori zitzaion, eta gorputz osoan erredurak jasan zituen. Anbulantzian Barakaldoko Gurutzetako erietxera eraman zuten. 46 urteko gizonezko bat da hildakoa.
Beste bi behargini ere jausi zitzaien burdina urtua, baina haiek zauri arinak izan zituzten: batek eskuan eta besteak bizkarrean.
Gaur izango da hileta elizkizuna, 19:00etan, Azkoitiko parrokian.
LAB sindikatuaren datuen arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan edo lan baldintzen ondorioz hil den hirugarren behargina da. 2012an horrela 56 langile zendu zirela dio LABek, 2011n 80, 2010ean 84, 2009an 85, 2008an 112 eta 2007an 125.
Gipuzkoako Aldundia eredu berri bat aldarrikatuz
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du "lan osasunari lehentasuna emango dion lan harreman eta prebentzio eredu berria sortu" behar dela. "Eredu horrek lan duina eta segurua izan behar duela ardatz. Horretarako, ezinbestekoa da gizarte eta ekonomia arloko eragile guztiek eta administrazio publikoek batera eta norabide berean jardutea". Enpresei dei berezia egin die lan segurtasun eta osasunari buruzko araudia "zorrotz" bete eta betearazteko.