Ekonomiaren gainbehera moteltzen hasi delako datuak badira azken asteetan, eta aste honetan bertan atzeraldia gainditu dela islatu dezakete Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nagarroako barne produktu gordinek; baina bistan da, makroekonomia batetik doa, eta etxez etxeko ekonomia, bestetik.
Urrian 2.296 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian aurreko hilean baino, eta iazko urrian baino 10.118 gehiago. Hirugarren hilabetez jarraian langabeziak gora egin du, eta garbi dago atzeraldia gainditzeko ataria ez dela gai oraindik enplegua sortzeko. Urtebetean %3,7 igo da langabezia tasa Hego Euskal Herrian, eta %17,77koa da. Guztira, 227.259 lagun daude izena emanda Lanbiden eta Nafarroako enplegu zerbitzuetan, Espaniako Enplegu Ministerioak emandako datuen arabera. Langabeziaren datuak lurraldeka honako hauek dira: Araba: +82 (28.310); Bizkaia: +980 (100.083); Gipuzkoa: +719 (49.874); Nafarroa: +515 (50.922).
Jadanik langabe askok eta askok agortua dute langabezia saria jasotzeko eskubidea. Langabeen erdiek baino gehiagok ez dute inolako diru laguntzarik; %30ek jasotzen dute sari arrunta; eta %17,41ek egiten dute aurrera subsidioari esker. Kontratu motetan ere ez da nabari joera aldaketarik: soilik %6 dira mugagabeak, eta gainerakoak, behin-behinekoak.
Sektoreka, eraikuntzan soilik hobetu da egoera azken hilabetean: 305 langabe gutxiago zeuden izena emanda enplegu bulegoetan. Igo, berriz, zerbitzuetan igo da gehien langabezia, 1.718 langabe gehiagorekin.
Txanponaren beste aldea, alde positiboa, islatu dute afiliazioari dagozkion datuek. Irailetik urrira 10.814 pertsona gehiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda. Hego Euskal Herrian 1.125.136 langile daude Gizarte Segurantzaren sisteman. Iazko urrian 30.242 gehiago ziren, baina hil bakarrean igoera nabarmena da, 10.000rena. Atal horretan, nekazaritzaren sektorean izan da igoera aipagarria, irailean baino 1.835 lanpostu gehiago baitaude. Autonomoak ere gehiago dira, 982 gehiago hain zuzen.