Tarifa elektrikoa

Aurrekontuak "aitzakiak dira" Tapiarentzat, enpresen tarifa elektrikoen itunaren auzian

Jaularitzako Ekonomiaren garapeneko sailburuak dio euskal enpresen aldeko ituna aplikatzeko "badirela teknikak", eta Nadal ministroak itun hori aurrekontuekin lotzea ez dela "batere dotorea".

Tapia eta Nadal, artxiboko argazki batean. JUAN HERRERO /EFE
xabier martin
2018ko otsailaren 13a
11:27
Entzun

Espainiako Gobernuak nahiko balu, EAJrekin lotutako tarifa elektriko berrien akordioa aplikatuko luke. Alegia, 2018ko aurrekontu orokorrak ez egotea "aitzakia" baino ez da Arantxa Tapia sailburuarentzat, Onda Vasca irratian esan duenez. "Aurrekontuen esparruko teknikak badira" euskal enpresek 50 milioi euro aurreztea helburu duen ituna aplikatzeko. Alvaro Nadal Espainiako Energia ministroak onartzeke dauden 2018ko Espainiako aurrekontuekin lotu zuen atzo, EAJrekin egindako ituna. Jakina da PPk EAJrekin lotu nahi dituela aurtengo aurrekontuak, baina Sabin Etxean ez daudela momentuz hurbiltze horren alde, Kataluniako egoera dela eta. Nadal ez da "betere dotorea izan", Tapiarentzat, adostutakoa betetzeko formulak badirela uste duelako.

Ekonomiaren garapenerako sailburuarekin bat egin du Jarlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak ere, eta akordioa indarrean ez jartzeko "arrazoi objektiborik" ez dagoela adierazi du. Tarifa berria aplikatzeko "mekanismoak" existitzen direla azaldu du Erkorekak, eta erabiltzen ez badira "egin nahi ez dutelako" dela.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.250 enpresak inguruko beste erkidegoetakoek baino tarifa garestiagoa ordaintzen dute argindarra, Iberduero konpainiak bere garaian ezarri zuen sareko lotura motarengatik. Desabantaila hori apaltzeko EAJk tarifa zehatz hori merkatzea adostu zuen PPren gobernuarekin, iaz, eta tarifa berria urtarrilaren 1ean jarri behar zuten indarrean. Baina ez da horrela izan. Madrilek dio 2018ko aurrekontu orokorretan jasotzen dela akordioa, eta ez daudela onartuak. Tapiak argi dauka, ordea, Madrilek aplika dezakeela nahi badu, "horretarako formulak badaudelako". Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalek ere bide beretik jo du, eta akordioa 2017ko Espainiako aurrekontu orokorrekin lotua dagoela azaldu: "Akordioak betetzeko daude".

Cebek Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioak ere bat egin du Jaurlaritzaren jarrerarekin. Francisco Javier Azpiazu idazkari nagusiak akordioa betetzeko eskatu dio Nadal ministroari, eta "beste baldintza batzuekin" ez lotzeko esan. Azpiazuk gogorarazi du egungo tarifa elektrikoak 1.200 enpresaren kaltetan egiten duela Espainiako Estatuan, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan horietatik 800 daudela.

Europari azalpena

Tapia sailburuak borondate politikoaren baitan kokatu du auziaren muina. Nadalek Euskal Herrian bertan ezagutzera eman zuen atzo, argindarraren ituna kolokan jarri duen beste aldagai bat: Europako Batzordearen ikerketa bat itunak lehiaren arauak hausten dituen jakiteko. Kataluniako arartekoak jarritako helegite bat tarteko ikertuko du Batzordeak. Eta horren aurrean, Arantxa Tapiak argi dauka Espainiako Gobernuak "erantzun egoki bat" eman behar diola. "Akordioa behar adinako gogoekin defenditzen ez bada, baliteke salaketa horrek aurrera egitea". Baina, bai Espainiako aurrekontuen auzia, bai Europako ikerketa, "aitzakiak" dira Arantxa Tapiarentzat, gainditu daitezkeen oztopoak borondatea egonez gero. Erkorekak ere bat egin du, tarifa aldaketaren arrazoia "desabantailak" kentzea dela argudiatuz: "Hori ederki defendatu daiteke Europako Batzordearen aurrean".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.