Aurrekontuak salatzeko, protestara deitu du LABek

Iruzurra erdira jaitsita eta zergak Europarekin parekatuta, 15.000 milioi euro gehiago leudekeela dio Etxaidek

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Ainhoa Etxaidek ohartarazi du aberastasuna banatzeko bitartekoak diren heinean aurrekontuak eztabaidatu eta langileen beharrak aintzat hartu behar direla. Izan ere, LABeko idazkari nagusiak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuak langileei kalte egiten die: «Krisia eragin dutenen boterea sendotzera eta babes soziala gehien behar dutenak jotzera datoz berriz ere».

Sindikatuko buruaren ustez, «berdin-berdina da agintean zein dagoen», erabaki ekonomikoak hartzeko orduan alderdi bakarra osatzen dutelako: «Banku eta enpresa handien interesak ordezkatzen dituena». Nabarmendu du aurrekontuak onartzeko garaian EAJk, PSEk eta PPk erabateko adostasuna agertu eta gainerako lehia politikoak alde batera utzi dituztela.

Zerga bilketan ekarpenik handiena langileek egiten dutela gogorarazi dute LABekoek, eta aurrekontuetan, aldiz, «haiek jasotzen dutela gutxien». Horregatik,gastu publikoaren inguruko eztabaidan parte hartzeko eskubidea eskatu du Arantxa Sarasola sindikatuko zerbitzu publikoetako idazkariak.

Eskubide hori betetzeko eskatuko diete EAEko eta Nafarroako administrazioei hilaren 12an Iruñean eta 19an Gasteizen egingo dituzten kontzentrazio eta manifestazioetan. Etxaidek eta Sarasolak elkarretaratzeen berri emateko agerraldia egin zuten atzo, Bilbon, LABeko sektore publikoetako ordezkariekin batera.

Sarrerak handitu

Administrazio guztien murrizketa politiken atzean «tranpa handia» eraikitzea leporatu die Etxaidek politikariei. Izan ere, aurrekontuak egiteko, «gastuari buruz baino ez dute hitz egiten, nahiz eta gakoa sarreretan dagoen». Hegoaldeko langileek, batez bestez, 21.000 euroko errentak deklaratzen dituzte urtero, eta enpresek 12.000 eurokoak aitortzen dituzte.

Sarasolak gogorarazi du ekarpena halakoa izanda erakunde publikoetan dirudik ez egotea «horretara zuzendutako erabaki politikoak hartu izanaren ondorio» dela.

Sarrerak handitzeko konponbide «egingarriak» daudela ziurtatu du Etxaidek. LABeko buruzagiak esan du aurrekontuetarako 15.000 milioi euro gehiago leudekeela hegoaldeko presio fiskala Europako Batasuneko herrialdeen pare ezarri eta zerga iruzurra erdira jaitsiko balute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.