Aurrekontuetan ere, kale

Europako Batasuneko aurrekontuen gaineko bi eguneko goi bilera akordio barik amaitu da; urte hasieran bilduko dira berrizEstatu aberatsenek murrizketak eskatu dituzte, baina gainontzekoak ez daude ados

Aurrekontuetan ere, kale.
Jon Fernandez.
2012ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Porrota porrotaren gainean. Ez da batere aste emankorra izan Europako Batasuneko agintarientzat. Lehenik, ez dira gai izan Greziaren bigarren erreskatearen azken zatia onartzeko; bigarrenik, ez dute lortu Zipreren erreskatea ixterik; eta azkenik,kale egin dute 2014tik 2020ra bitarteko aurrekontuak adosteko orduan ere.

Datozen zazpi urteetarako aurrekontuetan murrizketa handiak nahi dituzte estatu aberatsenek, eta kontrakoa hegoaldeko eta ekialdeko estatuek, Bruselatik diru gehien jasotzen dutenek. Talka egin duten bi bloke horien jarrerak oso urrun daude; baina, hala ere, urte hasieran akordioa lortzea «posible» ikusten du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. «Horretarako adina gaitasun» badela uste du. 2013ko urtarrilean edo otsailean egingo dute aurrekontuen gaineko hurrengo goi bilera.

1. Zelako aurrekontuak proposatu dituzte?

Bi aukera daude mahai gainean. Europako Batzordeak egindakoa da bata, Europako Parlamentuak onartu duena. Bruselak bilioi bateko aurrekontuak proposatu ditu 2014tik 2020ra bitarterako. 2007tik 2013rakoa (994.228 milioi) baino %4,8 handiagoa da. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko buruak beste aurrekontu batzuk proposatu ditu: 973.000 milioi eurorenak. Batzordeak proposatutakoa baino 80.000 milioi gutxiago. EBko barne produktu gordinaren (BPG) %1 inguru dira aurrekontuak. Van Rompuyren proposamena hartu dute oinarri modura negoziazioak hasteko.

2. Zerk eragiten du desadostasuna?

Labur esanda, diru gehien jartzen dutenek ez dute gehiago ordaindu nahi. Alemania (%19,56), Frantzia (%17,60), Italia (%13,40) eta Erresuma Batua (%11,92) dira EBko aurrekontuetarako diru gehien jartzen duten herrialdeak. Batez ere Londresek egin du gogorren murrizketaren alde: 200.000 milioi euro gutxiagoren aurrekontuak nahi ditu, eta horrela izan ezean bestelako proposamenen kontra betoa erabiliko duela ohartarazi du. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak 130.000 milioi euroko murrizketa eskatu du; Ziprek, berriz, 50.000 milioiko murrizketa proposatu du. EBko sei hilabeteko txandakako presidentetza du Demetris Christofias Zipreko presidenteak, eta bera ari da negoziatzaile lanetan.

3. Zeintzuk daude murrizketaren alde?

Estatu aberats gehienak: Alemania eta Erresuma Batua, bereziki, baina baita Herbehereak eta Suedia ere, besteak beste. Bruselak estatuei eskatzen dien austeritatea eskatzen diote EBri. Cameron da bloke horretako ahots gogorrena. Hala ere, EBko kutxara bidaltzen duten per capita diru kopurua kontuan hartuta, Erresuma Batua seigarren postuan dago ordaintzaile handienen artean: Herbehereen, Danimarkaren, Suediaren, Alemaniaren eta Finlandiaren atzetik.

4. Zeintzuk murrizketen kontra?

Oro har, Europako ekialdeko eta hegoaldeko estatuak, Bruselara bidaltzen duten baino diru gehiago jasotzen dutenak bertatik. Baina bloke horren ordezkari nagusia François Hollande Frantziako presidentea da: aurrekontuak onartzeko marra gorritzat jarri du kohesio funtsetan eta Nekazaritza Politika Bateratuan (NPB) murrizketarik ez egitea. Frantzia izan da nekazaritza laguntzen onuradun nagusietakoa orain arte, eta atzo Espainia eta Irlandarekin lerratu zen nekazaritzarako zuzeneko laguntzak 6.000 milioi handitzeko. Merkelen austeritate politiken kontra, hazkunde politiken aldeko diskurtsoa erabilita iritsi zen presidentetzara Hollande joan den udaberrian, eta Londresek eta Berlinek proposatzen duten muturreko austeritatearen bide alternatiboa irudikatuz jarraitzen du Bruselan. Hala ere, Van Rompuyren proposamena «bidezkoa» dela adierazi zuen atzo Hollandek bileratik atera ostean. Proposamen hori onartuz gero, Espainiak 20.000 milioi euro galduko lituzke, eta lehen aldiz jasotzen duen baino diru gehiago eman beharko luke.

5. Zer gertatuko da akordiorik lortzen ez badute?

Oraindik urtebete geratzen da akordioa lortzeko. 2014ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean aurrekontu berria. 2013ko urte hasieran egingo dute erabakia hartzeko hurrengo goi bilera. Dena dela, 2013an zehar akordiorik lortzeko gai izango ez balira, zuzenean 2013ko aurrekontuak behin-behinean luzatuko lirateke 2014rako, %2ko igoerarekin, inflazioa kontuan hartzeko. Praktikan, diru gehien jartzen duten estatuek zerbait gehiago jarri beharko lukete kasu horretan. Gainera, behin-behineko aurrekontuak izateak ezegonkortasuna erantsiko lioke Europako ekonomiari eta arriskuan jarriko lituzke luzera begirako proiektuak; EBko aurrekontuarekin finantzatzen diren ikerketa proiektuak, esaterako.

6. Zelan banatzen dira EBko aurrekontuak?

Zatirik handiena kohesio funtsetara (309.500 milioi) eta nekazaritzarako eta arrantzarako laguntzetara (364.500 milioi) joaten da. Aurrekontu guztiaren %32 hartzen du lehenak—EBko eskualde txiroiei laguntzeko erabiltzen da—, eta %37,5 bigarrenak. Halere, bi zatitan banatzen da nekazaritza eta arrantzarako laguntza: 270.000 milioi euro NPBrako, eta 94.500 milioi euro nekazaritzaren eta arrantzaren garapenerako.

7. Zein arlotan izango litzateke murrizketa handiena?

Bi arlo garrantzitsuenetan proposatzen ditu murrizketa handienak Van Rompuyren aurrekontuak: 11.000 milioi gutxiago kohesio funtsetarako eta 7.700 milioi gutxiago NPBrako.

8. Zer da britainiar txekea?

Merkelek atzo gogorarazi zuen bezala, aurrekontuen kopuruarekin batera bada beste kontu bat airean dagoena: britainiar txekea. Margaret Thatcherrek 1984an Bruselarekin hitzartutako konpentsazio mekanismoa da, eta, horri esker, urtean 5.000 euro inguru bueltatzen dizkio EBk Londresi —iaz 3.560 milioi izan ziren NPBren erreformagatik—. Aurrekontuen zati handiena NPBra zihoala eta Erresuma Batuan nekazaritzak pisu ekonomiko txikia zuela, horixe mekanismo hori sortzeko arrazoia. Cameronek sistema berarekin jarraitu nahi du, baina estatu batzuek, ekialdekoek bereziki, bertan behera utzi nahi dute, diru hori eskualde pobreenak laguntzeko erabili dadin. Danimarkak, berriz, bere txeke propioa nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.