AURREZKI KUTXAK. BBK-k 236 milioi euroko mozkinak lortu zituen iaz

Gizarte ekintzan 62 milioi euroko inbertsioa egin zuen Bizkaiko Kutxak

Erredakzioa
2005eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Iazko «urtea nahiko ona» izan zela esan zien atzo Xabier Irala BBKko lehendakariak kutxako zuzendaritzako 600 langile ingururi, iazko emaitzak eta 2005erako kudeaketa plana aurkezteko haiekin egindako bileran. Estutuz doazen bitartekaritza marjinak «negozio bolumenaren portaera onarekin eta zerbitzu etekinak hobetzearekin» berdindu dituztela jakinarazi zuen Iralak.

Negozio bolumena %12,8 handitu zuen iaz (27.200 milioi euroraino) BBK-k; etekinak %11,6an hobetu zituen eta 236 milioi euroko mozkinak erdietsi, interes tasa txikiek marjinak estutu eta gainbalioak aurrekoetan baino txikiagoak izan arren. Finantza eragiketen sarreretan aurreikusi zitekeen murrizketa hori, bezeroen oinarrizko marjina hobetuz egin zaio aurre eta horretan lagundu du baita kaudimen gabezietarako hornidura txikiago batek. Negozio bolumenaren hazkuntzak pisu handia izan du, kreditu inbertsioaren %18,7 hazi baita, 11.300 milioi euroraino. Administratutako baliabideak, berriz, %9 hazi dira, 15.900 milioi euroraino. Nola ez, hipoteka maileguak izan dira gehien hazi direnak, %20,4. Eperako gordailuak %19,4 hazi dira eta inbertsio funtsak %18,1. Ahulen kontsumo kredituak ibili dira. Ustiapen gastuak %1,1 murriztu dituztela ere azpimarratu zuen atzo Iralak, batez besteko balantzeko haien pisua %1,68raino jaitsi baita. Kutxatik lorpen hori nabarmendu da, «hedapen geografikoko prozesuan egonda eta bezeroen marjinaren hobekuntzarekin batera gertatzen delako». BBK-ren eraginkortasun indizea %53,87an gelditu da; kaudimen koefizientea %15,53an (eskatutako gutxienekoaren bikoitza gaindituz); berankortasuna %0,39 jaitsi da.

Hamar bulego berri Bizkaitik kanpo

Bilbao Bizkaia Kutxak jada 91 bulego ditu Bizkaiatik kanpo, iaz beste hamar bulego zabaldu baitzituen iaz bere hedapen sarean. Iaz, hain zuzen, sartu zen kutxa lehen aldiz Andaluziako merkatuan.

Gizarte ekintzari dagokionez, 62 milioi euroko inbertsioa egin zuen iaz BBK-k alor horretan. Atzo Iralak gizarte ekintzarako datorren hiru urteetarako Plan Estrategikoa ere aurkeztu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.