Ekonomia

Aurreztaile txikiek ordaindu beharreko tasa %3ra murriztea adostu dute Zipreko Gobernuak eta troikak

Zipreko Gobernuak Europako agintariekin adostu zuen diru kontu guztiek erreskatearen zati bat ordaintzea, aurreztutako kopuruaren arabera. Hasiera batean %6,9 edo %9,9 artean ordaintzea proposatu zuten. Gaur goizean Gobernuak eta troikak aurreztaile txikien tasa murriztea adostu dute, %3ra. Aitzitik, 100.000 eurotik gorako aurrezkiak dituztenek %12,9ko zerga pagatu beharko dute. Errusiako presidenteak esan du neurria bidegabea eta arriskutsua dela. Bihar egingo da bozketa Parlamentuan. Bihar eta etzi ere bankuak itxita egongo dira.

Miren Garate.
2013ko martxoaren 18a
17:49
Entzun

Insight Market Research etxeak Zipreko hedabideentzat egindako inkestaren arabera, zipretarren %71 daude Nikosiako Gobernuak hartutako erabakiaren kontra, eta parlamentariek atzera bota beharko luketela uste dute. Herritarren gehiengoarentzat Europako agintariekin lortutako akordioa "porrot bat" da, eta soilik %27k uste dute Nikos Anastasiadis presidenteak ahal zuen guztia egin duela. Hala ere, inkestaren arabera, %62 eurogunean jarraitzearen aldekoak dira. Hartutako erabaki horrekin lortu du Nikosiako gobernuak Euroguneko finantza ministroek 10.000 milioi euroko erreskatea ematea. 

Zipreko Parlamentuan gaur bozkatu behar zuten Gobernuak hartu duen erabakia, baina bihar arratsean egingo dute azkenean; atzo zen egitekoa berez. 12:30erako manifestaziora deitu du Herritar Independenteen Mugimenduak. Gaur jaieguna da Zipren eta herritarrek ezingo dute dirua atera; bihar eta etzi ere bankuak itxita egongo direla jakinarazi du gobernuak. Larunbatean erabakiaren berri jakin eta berehala joan ziren aurreztatzaileak euren aurrezkiak ateratzera, baina diru kontuak bloketatuta zituzten; modu horretan Gobernuak bermatuko du ezarri duen tasa kobratuko duela, inork dirua atera baino lehen.

Zipreko Banku Zentralaren arabera bankuetan dauden 70.150 milioi euroetatik %40 atzerrikoa da, eta hortik zati handienak Eurogunetik kanpoko jatorria du, batik bat, Errusiakoa; guztira, 15.474 milioi euro dituzte errusiarrek Zipreko bankuetan. Europako Batasunak eta bereziki Alemaniak uste dute errusiar askok dirua zuritzeko baliatzen dituztela Zipreko bankuak, eta hori da, hain zuzen ere, gordailuen gaineko zerga bat ezartzeko arrazoi nagusia. Neurria oso begi txarrez hartu dute Errusian, hango herritarrei kalte zuzena egiten dielako.  Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan du neurria bidegabea eta arriskutsua dela.

Zipreren erreskatearekin euroguneak bere arau nagusietako  bat hautsi du, hots, aurreztaile txikiei bankuek egindako gehiegikeriak ez ordainaraztea. Ehun mila eurotik gorako gordailuak guztiz babestuta izan dira orain arte —Estatuaren bermea dute— eta arau horrek eragin du, hein  batean behintzat, Espainiako bankuen erreskatea. Izan ere, Bankiak porrot egin izan balu, Espainiako Gobernuak bere gain hartu beharko luke milioika aurreztaileren gordailuak itzultzea, eta horretarako dirurik ez zuen.  Horregatik beragatik, Madrilek nahiago izan du Bankiaren zuloak estaltzeko 20.000  milioi euro eskatzea.   

Zipreko herritarrek ez ezik, merkatuek ere oso gaizki hartu dute gordailuen gaineko zerga. Burtsak jaisten ari dira eta Italiaren eta Espainiaren arrisku sariak igotzen, goizetik hona igoerak indarra  galdu badu ere. Bankuetako gordailuei erreskatearen zati bat ordainaraztearen arriskua da herritarrak bankuetatik beren dirua ateratzera  bultzatu dituela, eta diru hori gabe bankuek porrot egingo lukete bai ala bai. Italian eta Espainian berdin gertatzeko arriskua ikusten dute aditu askok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.