Lan harremanak

Aurten %1 eta 2016an %1,5eko soldata igoerak adostu dituzte Espainian

CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek atzo egindako akordiorako oinarria gaur sinatuko dute. LABen arabera, "Euskal Herrian ez da erreferentzia izango negoziatzeko".

Ignacio Fernandez Toxo (CCOO) eta Candido Mendez (UGT) iragan maiatzaren lehenean, Madrilgo manifestazioan. J. J. GUILLEN, EFE
xabier martin
2015eko maiatzaren 12a
12:49
Entzun

Ez du inolako derrigortasunik izango enpresentzat, baina erreferentzia argia izango da aurrerantzean Espainian hango patronal nagusiek eta sindikatuek atzo gauean adostutako soldata igoera. Soldatak 2015erako %1 eta 2016erako %1,5 haztea lotu dute, eta akordiorako oinarri hori gaur arratsaldean sinatuko dute agiri ofizialean, mahai gainean geratzen diren "gai teknikoak" gainditu ondoren.

Ez dira hain teknikoak, ordea, mahai gainean geratzen diren arazoetako bi. Lehenak KPIari egiten dio erreferentzia. Sindikatuek bizkarrak gorde nahi dituzte KPI aurreikusitakoa baino gorago geratzen bada. Klausula bat sartu nahi dute, hori gertatuz gero soldatak berriro aztertzeko aukera jasoz. Aurreikuspen gehienek %0,7an kokatzen dute KPI; beteko balitz, CCOOk eta UGTk aurten soldaten %0,3ko igoera sinatu dutela esan ahal izango da. 

Bigarren "gai teknikoa" ultraaktibitatearena da. PPren lan erreformak dio itun kolektiboetan urtebeteko iraupena duela ultraaktibitateak, ituna iraungitzean adostutakoa indarrean dagoen denbora tartea alegia, hura indargabetu aurretik. Sindikatuek eta patronalek batzorde bat eratu dute ultraaktibitate hori luzatzeko, eta modu horretan adostutako soldata igoerak mantentzeko.

Izoztua hotzez dago

Espainiaren krisi ekonomiko latzaren itzalean PPko gobernuak soldatak nabarmen txikitzearen aldeko apustu argia egin zuen orain hiru urte. Lan erreforma baliatu zuen soldatak izozteko tresna gisa. Azken bi urteetan patronalak ezin hobe jarri du bere alde soldatapekoen prezioak botatzeko abagunea eta orain, berriz, BPG modu argian hazten ari denean (%1,4 iaz eta %2,5tik gora aurten, seguruenik) soldatei izotza kentzen hasteko garaia izan daitekeela pentsatu dute. Hauteskundeen gertutasunak ere lagunduko zuen noski.

Haatik, izoztua hotzez dago oraindik. Soldatak %1 igotzea nahikoa izango ote da galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko? Ez noski, galdu den erosteko ahalmena ez da berehala berreskuratuko, are gutxiago KPIaren arabera, %0,5tik beherakoa izan daitekeenean. Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak martxan jarritako barne debaluazioaren planak soldatak txikiak eskatzen ditu, izan ere. Soldaten bizkar lehiakortasunean gora egin eta esportazioak inoizko zenbaki onenetara eramateko bide aukeratua da.

Beraz, bat da soldata igoerak adostea patronal eta sindikatu nagusien artean, eta bestea igoera horrek orain arte soldatek izan duten txikizioa konpontzea. Espainiako Auzitegi Gorenak ultraaktibitatearen inguruan berriki emandako azken ebazpena ere hortxe dago. PPren lan erreforma higatu du bigarrenez Gorenak, haren gainetik jarriz ultraaktibitateari erreparatzen dioten klasuladun itunak.

Euskal Herrian

Jakina, Euska Herrian ere eragina izan dezake ebazpen horrek eta zentzu berean emandako beste aurreko batek, jurisprudentzia finatzen ari baita Gorenera iristen diren gainontzeko lan gatazkentzat; baina, negoziazio kolektiboaren lokarriak askatu gabe jarraitzen du, eta Espainian lortu duten derrigortasunik gabeko igoera orokorrarik ere ez dago. Dena den, akordio horrek euskal langile batzuri eragingo die seguruenik, Espainia mailako itunetara loturik dauden behargin alegia.

LAB sindikatuak esan du ez dela "erreferentzia bat izango Euskal Herriko negoziazioetan". Akordioa hori ez dela "loteslea" gogoratu du, eta soldatek galdutako erosteko ahalmenaz aritu da ohar batean. "2010 eta 2013 urteen artean soldaten pisuak behera egin du bi puntu galduz. Egoera irauli eta erosteko ahalmenaren berreskuratzea bermatuko duten soldata igoerak negoziatzeko unea da, eta akordio honek ez du inondik inora hori bermatzen". LABek ohartarazi du "KPItik gorako soldata igoerak" eskatuko dituela negoziazio mahaietan; alegia, soldata igoera KPIari loturik jarraitzea nahi duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.