Aurten ekonomia %2,3 igoko dela dio Jaurlaritzak

Oraindik enplegua sortzen dela eta urtea langabezia teknikoan bukatuko dela adierazi du Zenarrutzabeitiak

Ivan Santamaria.
2008ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Egoera ez da ona, baina jarduera ekonomikoaren gainbeherari bermearekin aurre egiteko behar adina baliabide dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoak. Eusko Jaurlaritzaren mezua argia da: nazioarteko gorabehera guztiek eragina dute hemen ere, baina inguruko ekonomiak baino hazkunde handiagoa izango du EAEk aurten eta 2009an.

Hirugarren aldiz urtean, aurreikuspen ekonomikoak egokitu ditu Jaurlaritzak. 2008an Barne Produktu Gordina (BPG) maiatzean iragarri baino %0,4 gutxiago igoko dela adierazi du Ibarretxeren gobernuak, %2,3. Edonola ere, portzentaje horrek Espainiakoa (%1,6), Frantziakoa (%1), EBkoa (%1,4) eta AEBetakoa (%1,6) gaindituko du.

Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariorde eta Ogasun sailburuaren arabera, aurtengo azken sei hilabeteetan «krisiaren parterik gogorrena» igarotzen ari da ekonomia. 2009an, berriz, egoera egonkorragoa izango dela uste du, baina susperraldi handirik gabe. Datorren urterako, hain zuzen ere, BPGa %1,5 handitzea kalkulatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako

Hobeto prestatuta

Gobernua egoerarekin «arduratuta» dagoela onartu du Zenarrutzabeitiak, baina egoerari «baikortasunez» erantzuteko arrazoiak badaudela ziurtatu du. «Euskadin beste batzuk baino hobeto prestatuta gaude krisia igarotzeko, eta horregatik besteak baino gutxiago nabarituko ditugu horren efektuak, eta gehiago handituko gara».

Enpleguari dagokionez, urtearen joanean oraindik ere lanpostuak sortzen jarraitu dela nabarmendu du Zenarrutzabeitiak. Horren erakusle da, esaterako,Gizarte Segurantzan afiliaturik dauden pertsonen kopurua %1,2 handitu izana, 10.000 lagun baino gehiago. Urtea amaitu bitartean langabezia hamarren batzuk igoko da, baina, hala ere, oraindik ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langabezia teknikoaren mugaren azpitik jarraituko da.

Zenarrutzabeitiaren aburuz, ez da kasualitatea EAEko ekonomia inguruko beste batzuen gainetik handitzea. «Geure ekonomiaren egitura osasuntsua, orekatua, eta, hortaz, nahiko egonkorra da». Industriaren motelaldia uztailean eta abuztuan arindu da, besteak beste, eta datorren urteko bigarren edo hirugarren hiruhilabetekoan berriro indartzea espero du. Erakunde publikoen eta finantza sistemaren kontuak ere ondo daudela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.