Aurten hirugarrenez, Erreserba Federalak interes tasak igo ditu

AEBetako hazkuntza ekonomikoa sendo ikusten du Greenspanek eta interes tasak puntu laurden, %1,75era, igo ditu; igoera gehiago izateko aukerarik badela adierazi du, baina «neurrizkoak» izango direla zehaztu du

Erredakzioa
2004ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Diru politika gogortzeko aukera badagoela ikusi du AEBetako Erreserba Federalak, eta interes tasak %1,75era igo ditu. Urteko hirugarren igoera da, ekainekoaren eta abuztukoaren ondotik, urtebete inguru 1985etik izandako maila txikienean, %1ean eduki ostean. AEBetako banku zentralak bi egiteko nagusi ditu, hazkunde ekonomikoa sustatu, baina inflazioa areagotu gabe; hori lortzeko tresna dira interes tasak.

Erreserba Federalaren ustez, «nahiz eta energia prezioen eraginez urte hasieran zertxobait apaldu, ekoizpenaren hazkundeak trakzioa berreskuratu du, eta lan merkatuko baldintzek hobera egin dute xumeki. Energia prezioen igoeraren gainetik, inflazioa eta inflazio aurreikuspenak arindu egin dira azken hilabeteetan». Hazkunderako indarrak badaudela eta inflazioa apal dagoela ondorioztatuz, Erreserba Federalaren arabera, interes tasak puntu laurden igota «diru politikak erosoa izaten jarraitzen du, eta ekoizkortasunaren hazkuntza sendoarekin batera, jarduera ekonomikoari sostengu iraunkorra emango dio». Aditu ia guztiek uste zuten atzoko bileran Fedek tasak igoko zituela. Informatiboki, ekonomiaren egoeraz erakundeak egiten zuen analisia zen garrantzitsuagoa. Eta, Alan Greenspan buru duen Erreserba Federalak ekonomiaren suspertzea bide onetik doala eta interes tasa apalen garaia amaitu dela iradoki du, bere hizkuntza ilunean. Beste igoeretarako bidea zabalik utzi du Erreserba Federalak: «Hazkuntza iraunkorrak eta prezioen egonkortasunak, biek, gora edo behera egiteko dituzten arriskuak berdinak izango dira datozen hilabeteetan». Beraz, energiaren prezioak aintzat hartzen ez dituen inflazioa «apal samar» dagoela, diru politika «neurrizko erritmoan mugitzeko aukerak badaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.