I+G+b arloa jotzen dute adituek ekonomiaren salbatzailetzat. Teknologia zentroentzat krisia aukera bat izan daiteke beraz. Euskal Herrian, Tecnalian biltzen dira haietako gehienak, eta ezin esan egoera ekonomikoak beste enpresa batzuei adina eragin dienik. Iaz, 128 milioi euro eskuratu zituen korporazioak, 2007an baino %15 gehiago. Eta aurten ere bide beretik jarraituko duelakoan dago, %12 gehiago irabaztea aurreikusten baitu.
Gaur egun, zortzi zentrok osatzen dute Tecnalia: Aztik. European Software Institutek, Fatronikek, Inasmetek, Labeinek, Neikerrek, Robotikerrek eta taldera aurten bertan sartu den Cidemcok. Urtea amaitu aurretik, ordea, kide bat gehiago edukiko dute okerrik ezean, Gasteizko EUVE sarrera fasean baitago dagoeneko. Hori gauzatuz gero, 1.500 langiletik gora izango lituzke korporazioak, orain baino ehun gehiago.
Zentro gehiago elkartzea egokitzat jo du Jose Mari Etxarri Tecnaliako presidenteak. «Gure proiektuari indarra ematen dio, eta gero eta gehiago gerturatzen gaitu gure helburura, hau da, Euskadiko eta Europako enpresa eta teknologia ekimen prestigiodunenetako bat izatera», adierazi du.
Era berean, inbertsioak egiteari garrantzi berezia eman dio Etxarrik. Beraiek, joan den urtean, 91,6 milioi euro baliatu zituzten horretarako. 59,6 milioi erabili zituzten I+G proiektuak garatzeko inbertsioetarako, eta 32 milioiekipo eta azpiegitura teknologiko berriak eskuratzeko.
Aurten iaz baino %12 gehiago irabaztea espero du Tecnaliak
Urtea amaitu aurretik, Gasteizko EUVE ere korporazioko kide izango da ezustekorik ezean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu