BBVAk joan den urtean eskuratu zituen irabaziak «argi eta garbi» gaindituko dituela ziurtatu zuen atzo Angel Canok, bankuko kontseilari ordezkariak. 2009. urtean, guztira, 4.210 milioi euroren etekinak lortu zituen bankuak.
Urteko lehen bederatzi hilabeteetan izandako emaitzen berri emateko agerraldian egin zituen adierazpenak Canok. Irailera arte 3.668 milioi euroren mozkin garbiak pilatu ditu BBVAk, joan den urteko epe berean baino %12,2 gutxiago. Jaitsiera horren arrazoia aparteko zuzkidura batzuk izan dira. Besteak beste, Espainiako Bankuak ezarritako arau berriei erantzuteko 198 milioi euro jarri behar izan ditu.
Hirugarren hiruhilekoan bankuaren berankortasun tasa %4,1 izan da, urteko bigarren hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago. Emandako maileguak %3,6 handitu dira, eta gordailuak, %0,6. Hego Euskal Herrian, Espainian eta Portugalen izan ezik, emaitzak beste toki guztietan hobetu ditu BBVAk. Datu horiek eskuetan, akzio bakoitzeko dibidendua «gutxienez» 0,42 eurokoa izango dela aurreratu zuen Canok, eta aurrera begira ez dela hortik jaitsiko iragarri zuen.
LABen kritikak
BBVAren emaitzak salatu zituen LABek. «Krisiaren errudun nagusiak, finantza sistemak, ez dio dirua irabazteari uzten». Aldiz, langileak krisiaren ondorioak ordaintzen ari dira, LABen ustez. Bankuko zuzendarien soldata igoera «eskandaluzkoak» ere kritikatu zituen sindikatuak.
Aurten iaz baino diru gehiago irabaziko duela ziurtatu du BBVA bankuak
Irailera arte 3.668 milioi euroren irabazi garbiak eskuratu ditu, aurreko urtean baino %12,2 gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu