Abuztua beti izan ohi da hilabete txarra lan merkatuarentzat. Aurtengoa ere bai, hazi egin baita lanik gabe daudenen kopurua. SPEE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak —lehengo INEM— kaleratutako datuen arabera, abuztuan 182.136 lagunek zuten izena emanda Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan, uztailean baino 295 lagun gehiagok. Lan egiteko sasoian daudenen %13,37 daude lanik gabe.
Igoera, ordea, ez da orokorra izan. Araban eta Bizkaian bai, bi herrialde horietan handitu egin da lanik gabe daudenen zenbatekoa; Gipuzkoan eta Nafarroan, ostera, kontrakoa izan da joera. Hala, Araban, 21.856 lagun daude lanik gabe, uztailean baino 431 gehiago eta %13,8koa da langabezia tasa. Bizkaian, 78.791 lagun dira beharrik gabe daudenak, uztailean baino 291 gehiago eta %14,36koa da tasa. Gipuzkoan, berriz, uztailean baino 90 lagun gutxiagok dute izena emanda langabeen zerrendetan, 40.082 lagunek hain zuzen. Azkenik, Nafarroan, 41.407 herritar dabiltza lan bila, uztailean baino 337 gutxiago.
LAB sindikatuaren arabera, «egoera larria da». Iaz baino 15.360 langabe gehiago daude eta 2007an baino 86.000 gehiago. Langabeziari aurre egiteko neurri eraginkorrik hartu ezean, lanik gabe daudenetako asko bazterkeria egoeran eror daitezkeela ohartarazi du sindikatuak. Izan ere, hamar langabetik lauk —73.000 lagun inguruk— jada ez dute langabezia saririk jasotzen. Eta egoerari okerrera egiteko itxura hartzen dio sindikatuak. «Langabezi tasa altua egonkortu egin da eta ez dago murriztuko den zantzurik. Prestazioa jasotzen duten langabe kopuruak aldiz behera egingo du, prestazioak amaitzen joango baitzaizkie».
CCOOk ere balioespen ezkorra egin du abuztuko langabezia datuen inguruan. «Euskadin akatsetatik ikasi behar genuke, atzera egiteko ausardia erakutsi eta arazoari konponbidea jarri». Izan ere, azken urte eta erdian enplegua sustatzeko helburuarekin administrazioek hartu dituzten neurriak okerrak izan direla uste du sindikatuak. «Enplegua sortzen lagundu beharrean, lan merkatua enpresaburuen beharretara moldatu baino ez dute egin neurri horiek, eta enpresaburuek z dute enplegua sortzearen aldeko apusturik egin».
Sindikatuek egindakoaren oso bestelako balioespena egin du Eusko Jaurlaritzak. Azken hamar urteotako abuzturik onena izan dela uste du hark, langabe kopurua handitu arren, hazkundea ez delako besteetan adinakoa izan. Dena dela, langabeziarekin kezkatuta jarraitzen duela adierazi du Javier Ruiz Lan sailburuordeak. «Lanean tinko jarraituko dugu garapen ekonomikorako aukera gehiago sortzeko».
Aurtengo abuztuan aurrekoetan baino gutxiago handitu da langabe kopurua
Hego Euskal Herrian 182.136 langabe daude, duela urtebete baino 15.360 gehiago eta krisia hasi aurretik baino 86.000 gehiagoAraban eta Bizkaian igo egin da langabezia; Gipuzkoan eta Nafarroan, berriz, jaitsi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu