ELA, LAB, ESK, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek Hego Euskal Herrirako greba orokorra dute deituta maiatzaren 21erako, eta ELAk langileen nazioarteko eguna "berotzeko" baliatu nahi du aurtengo maiatzaren 1a, gaur Adolfo Muñoz idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa haren albokoak azpimarratu dutenez. Bilbon batuko dira aurten ere. "Maiatzaren Lehenean Bilboko kaleak zeharkatuko ditugu sindikalgintzaren ahotsa entzun dadin eta greba aurreko atarikoak gure indarraren erakusgarri izan daitezen. Maiatzaren Lehen honetan greba orokorra berotzeko aukera aparta dugu. Kalera atera beharra dago, aski dela esateko eta patronalaren xantaiari aurre egiteko", esan du Muñozek.
Ostiralean 11:30ean mitina egingo du ELAk Bilbon, Kale Nagusian, eta ondoren manifestazioa. 14:30ean bazkaria, Barakaldon (Bizkaia), BECen.
LABek, lehengo astean jakinarazi zuenez, hainbat lekutan egingo ditu aldarrikapen ekitaldiak barikuan, maiatzaren 1ean: Gasteizen (Bilbo plaza, 12:30), Bilbon (Zabalburu, 12:00), Donostian (Bulebarra, 12:30), Iruñean (Golem, 12:00), Baionan (geltokia, 10:30) eta Maulen (Gurutze Xuria, 12:00). "Krisia gure gain hartzea nahi duten honetan ere, gogor erantzun behar dugu denok batera", dio LABek.
EkoNOMIA
Aurtengo maiatzaren 1a, greba orokorra "berotzeko"
ELAk aurten ere Bilbon egingo du langileen nazioarteko eguneko manifestazioa, "aski dela esateko eta patronalaren xantaiari aurre egiteko". LAB hainbat lekutan bilduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu