Matrikulazioak

Auto berrien salmentak %10 egin du behera urtea hasi denetik

Martxoko bilakaerak datozen hilabeteetarako joera ezarriko ote duen beldur dira sektorean. Erositako hiru autotik batek motor alternatiboa dauka; gasolinari jan dio merkatu kuota handiena.

Pertsona bat Burlatako (Nafarroa) auto kontzesionario batean. IñIGO URIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 1a
18:42
Entzun

Pandemiak kontzesionarioetatik urrundu ditu erosleak eta burua altxa ezinda dabiltza sektorean. Ibilgailu berriak erosteko gobernuek iaz eman zituzten laguntzak ez ziren aski izan egoerari buelta emateko, baina saltzaileek lortu zuten, neurri batean behintzat, eustea, bereziki bigarren lauhilekoan. Dena den, laguntza horiek gabe eta urte hasieran gasolinazko autoei ezarritako zerga berriak direla eta, are gehiago aldendu dira balizko bezeroak, eta urduritasuna nagusitzen ari da sektorean.

Urte hasierako datuak «oso ezkorrak» direla azaldu dute Faconauto kontzesionarioen elkarteko kideek: %10,1 egin du behera auto berrien salmentak Hego Euskal Herrian lehenengo hiru hilekoan: iaz epe berean baino 831 auto gutxiago saldu dituzte. Datu hori bere horretan ez da ikaragarria, baina kontuan hartu behar da iazko salmenta gehienak lehenengo bi hilabeteetan egin zirela, martxoaren 16tik aurrera kontzesionarioek beste sektore batzuek bezala itxi egin behar izan zutelako pandemiarengatik. Hori dela-eta iazko martxoan baino %135 gehiago saldu dute aurten: 1.712 auto gehiago.

Saltzaileek, haatik, azpimarratu dute «zuzenagoa» litzatekeela 2019ko datuekin egitea konparaketa, eta kasu horretan %43,8koa izan da jaitsiera bai martxoan, bai lehen hiruhilekoan: duela bi urteko hil berean baino 2.327 auto gutxiago saldu dituzte aurtengoa, eta 5.787 gutxiago lehen hiru hilabeteetan.

Gainera, saltzaileek gogoratu dute 2019. urtea ere ez zela haiek espero zuten modukoa izan, auto berrien matrikulazioak behera egin baitzuten lehen aldiz 2012az geroztik (-%6,8). Iazkoa, are okerragoa izan zen: laurden bat jaitsi ziren salmentak. Aurtengoa nola hasi den ikusita, alarmak piztu dituzte. Martxoko bilakaerak datozen hilabeteetarako joera ezarriko ote duen beldur dira. Azpimarratu dute herritarren txertaketa uste baino motelago doala, eta oraindik mugikortasun murrizketak daudela; hortaz, bigarren seihilekorako aurreikusten zuten gorakada «zalantzan» jarri dute.

Joerak sendotzen

Martxoko datuek beste joera bat erakusten dute: gero eta gehiago dira motor alternatiboen alde egiten duten erosleak: hirutik bat ia (%31,8). Kopuru horrek 20 puntu egin du gora 2019ko martxotik hona. Gasolinari jan dio zatirik handiena. Azken urteetan ohi den moduan, horiek saldu dira gehien (%50,8), baina hamahiru puntu jaitsi da duela bi urteko datuekin alderatuta. Dieselaren kasuan, berriz, hiru puntu baino ez. Dieselak badirudi behea jo duela edo jotzen ari dela. Joan den hamarkadaren erdialdetik kuota galdu eta galdu aritu da diesela, baina jaitsiera hori mantsoago izaten ari da azken urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.