Goibel hasi zuten urtea auto saltzaileek. Hilero aurreko urtean baino %20 auto gutxiago matrikulatzen zituztela ikusten zuten. Kopurua kaskarragoa ere izan zen hainbat hilabetetan. Apirilean, kasu, %30eko beherakada izan zuten salmentek. Hala ere, zenbaki negatibo horiei buelta emateko gai izan dira. Eta urrira bitartean, iaz epe berean baino 1.091 gehiago merkaturatu dituzte, %2,2 gehiago, hain zuzen. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak eman ditu datuak.
Zerk eragin duen egoera hainbeste aldatzea? Gobernuek ibilgailuak aldatzeko emandako diru laguntzek. Nafarroa izan zen ekimena indarrean jartzen aurrena, martxo amaieran. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz,maiatz amaieran hasi ziren dirua ematen. Ordutik, hilabetez hilabete gora joan dira matrikulazioak.
Igoerarik handiena, hala ere, urrian eduki dute. Joan den urtean baino 2.112 auto gehiago saldu dira Hego Euskal Herrian. Datua ehunekotan emanda, %46,7 gehiago hain zuzen. Gipuzkoan eta Araban dezente handiagoa izan da igoera; %61ekoa hain zuzen;eta Bizkaian, %41,4koa. Aurreko hilabeteetan Nafarroako salmentekeduki dute hazkunderik handiena, baina azkenengoan kontrakoa gertatu da: %32,2 ugaritu dira, gainerako probintzietan baino gutxiago.
Datuak baikor egoteko modukoak badira ere, ez da ahaztu behar joan den urte amaierarako merkatua motelduta zegoela. Hau da, konparaketak ez direla egin sektorea onenean zegoeneko matrikulazioekin.
Laguntzek eman diotela hauspoa merkatuari badakite kontzesionarioek. Horiek amaitutakoan zer gertatuko den, hori da orain haien zalantza. Nafarroako Gobernuak aurreko hilean onartu zuen urte amaierara bitartean luzatzea laguntza. 700 euro emango ditu autoko, eta 1.700 euro baldin eta erositakoak kilometroko ehun gramo dioxido karbono baino gutxiago isurtzen baditu. Horrez gain, ekoizleek autoko 1.000 euro emateko konpromisoa hartu dute; Espainiako Gobernuak ere laguntzak urte amaierara bitartean luzatzea onartu duenez, erosleek beste 500 euro kobratuko dituzte.
Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du baieztatu noiz arte mantenduko dituen laguntzak. Aste honetan zehaztuko du ziurrenik; hala ere, urtea amaitu arte luzatzea espero da.
Frantzian ere salmentek gora
Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina Frantziako kontzesionarioak «oso pozik» daude urriko matrikulazioekin. Iaz baino %20 gehiago saldu dute, eta, urte osoko datuak hartuz gero kontuan, %4,2ko igoera eduki dute. Nicolas Sarkozyren Gobernuak ere auto berriak erosteagatik laguntzak ematen jarraitzea erabaki du. Aurten erosiz gero, 1.000 euro jasoko ditu bezeroak. Datorren urtean, laguntza txikiagoa izango da: 700 eurokoa lehen seihilekoan eta 500 eurokoa bigarrenean. 2011tik aurrera, berriz, 300 eurokoa.
DGTk emandako datuen arabera, Espainian %20,1 gehitu dira matrikulazioak. Bigarren hilabetez jarraian egin dute gora auto salmentek.
Auto gehiago saldu dira aurten
Urrian %46,7ko igoera eduki dute matrikulazioek Hego Euskal Herrian; urte osoa kontuan hartuta, %2,2koa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu