Autoak, soilik itsasoz

Australiako autogintza sektorea erabat desagertzeko arriskuan dago. 2017tik aurrera, Toyota baino ez da geratuko irlan. 200.000 lanpostu inguru daude kolokan.

Jon Fernandez.
2013ko abenduaren 15a
09:20
Entzun

Mitsubishi 2008an joan zen. Fordek 2016an egingo du hanka. Eta 2017an Holdenek, General Motorsen filialak. Australia ia autogintza sektore barik geratuko da. 2017tik aurrera, Toyota baino ez da geratuko uhartean autoak egiten. Baina aukera hori ere airean dago, gero eta sendoagoa delako Japoniako markak irlatik alde egiteko aukera ere. Urte gutxiren buruan, australiarrei itsasoz baino ez zaizkie iritsiko erosiko dituzten autoak. 

Ihesaldi orokor horrek herrestan eramango du sektore oso bat, eta, guztira, 200.000 lanpostu daude jokoan. Irlan 65 urtez autoak egin ostean, Holden izan da ihesaren berri eman duen azkena, eta iragarri du 2.900 langile lagako dituela kalean: 1.600 Elizabeth hiriko plantan eta 1.300 Victoriakoan. Baina, zeharka, gehiago izango dira. «Segurutzat jotzen da autogintzako konpainia hornitzaileetako beste 50.000 lanpostu ere desagertuko direla», azaldu du Dave Smith AMWU Australiako manufakturako langileen sindikatuko autogintzako idazkariak.  

Zergatik ari diren alde egiten auto marka guztiak Australiatik? Dan Akerson General Motorseko kontseilari ordezkariak eman du erantzuna: «Australiako dolarraren gorakada handia izan da; produkzioaren kostua ere handia da, eta barne merkatua, berriz, txikia; eta munduko auto merkaturik lehiakorrena eta zatikatuena du». Azken bost urteetan, Australiako dolarra %30 igo da AEBetakoaren aldean: gaur egun, dolar estatubatuar bat 1,11 dolar australiarren truke aldatzen da, eta euro bat 1,53 dolar australiarren truke.

Barne merkatu txikia

Horren ondorioz, auto konpainiei ez zaie errentagarri ateratzen Australiatik nazioartera esportatzea, eta hango merkatua txikia zaie. Hedapen handia du Ozeano Bareko herrialdeak, baina biztanle gutxi. EBk baino eremu dezente handiagoa izan arren, 21,5 milioi biztanle baino ez dira bizi uhartean; EBn berriz, 501 milioi. Barne merkatu potentziala, beraz, ez da handia, eta, gainera, diruaren prezio garestiaren ondorioz, auto berri bat erosi nahi duen australiarrari sarri merkeago zaio inportazioko auto bat erostea, irlan bertan egindako bat erostea baino. Hain zuzen, Australian erosten diren autoen %85 inguru inportatukoak dira.

Hau da, australiarrek nahiago dituzte kanpoan egindako autoak, bertan egindakoak baino; joera horixe berresten dute joan den urtarrilean FCAI Australiako Autogintzako Ganbera Federalak emandako datuek. 2012an gehien saldu ziren hamar auto marketatik, hiru baino ez ziren guztiz han ekoitzitakoak. Gainera, azken hamar urteetan Japoniako Toyota da nagusi merkatuan, eta ia-ia bikoiztu egiten du salmentetan Australiako Holden —iaz, %20,1 handitu ziren Toyotaren salmentak—.

Holdenek, hain zuzen, ozta-ozta eutsi zion bigarren postuari iaz —%9,1 jaitsi zituen salmentak—, Japoniako Mazdaren gorakadaren aurrean —2011n baino %17,6 gehiago saldu zuen—. Gainera, Fordek %0,9 jaitsi zituen iaz salmentak uhartean, eta, lehenengo aldiz, Mazdak eta Hyundaik aurrea hartu zioten gehien saldutako marken zerrendan —%5,2 handitu ziren Koreako auto markaren salmentak—. Guztira, 1,1 milioi auto saldu ziren 2012an Australian.

Arazoa, dena dela, ez da uharteko auto salmenten beherakada. Aitzitik, mundu osoan behera egin arren, iaz %10,3 egin zuen gora autoen salmentak Australian. Orain arte, ordea, barne salmentan baino gehiago esportazioetan oinarritzen zen sektorea, eta, dirua garestitzearen eta lan kostuen ondorioz, bideraezina bihurtu da, Mike Devereux Holdengo zuzendari nagusiaren esanetan: «Edozein zenbaki egiten dugula ere, luzera autoen ekoizpena ez da bideragarria herrialde honetan».

Mundu osoko auto produkzioari erreparatuz gero ere, nabarmen ikus daiteke azken hamarkadan Australiako sektoreak izan duen beherakada. OICA Auto Ekoizleen Nazioarteko Erakundeak urtero neurtzen du munduko herrialde bakoitzak auto ekoizpenean duen pisua, eta zerrenda bat argitaratzen du. Duela hamar urte, munduan auto gehien produzitzen zituen hamazortzigarren herrialdea zen Australia; gaur egun, 32. postuan dago.

Galera ekonomikoa

Autogintza sektorea desagertzea kolpe gogorra izango litzateke Australiaren ekonomiarentzat. Herrialdeak 15.649 milioi euroko galera ekonomikoa izango luke, FCAIren arabera. Areago, kalkulatu du 2018an uhartearen BPGa 5.311 milioi euro txikiagoa izango litzatekeela.

Kolpe gogorra litzateke finantza publikoarentzat ere; izan ere, sektoreak ordaintzen dituen zergen diru sarrerak txikitu, eta milaka langaberen langabezia sariak ordaindu beharko lituzke aldi berean. Lanpostu galerarik handiena Melbournen eta Adelaiden gertatuko litzateke, han daudelako auto konpainia handienen lantegi nagusiak. Egoera horretara ez iristeko, autogintzarako diru laguntzak handitzeko eskatu dio sektoreak Canberrako gobernuari, urtero 364 milioi euro ematen badizkio ere. Baina mugimendua hasi da. Asteon, Tony Abbott Australiako lehen ministroak azaldu du Toyotarekin elkarrizketak abiatu dituela, gutxienez Japoniako konpainiari eusteko irlan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.