Autogintza sektorea errekuperatzen hasi dela esateko goiztxo da oraindik, baina matrikulazioen jaitsiera aurreko hilabeteetan baino txikiagoa izan da martxoan. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak emandako datuen arabera, martxoan 3.938 auto saldu dira Hego Euskal Herrian, iaz epe berean baino %19 gutxiago. Uztailetik abendura bitartean, hilero %25 baino gehiago jaitsi zen auto salmenta, eta urtarrilean eta otsailean ere %23 eta %26,9kobeherakada izan zuten hurrenez hurren. Halere, kontuan hartzeko da iaz Aste Santuan martxoan egokitu zela, eta saltokiak egun gehiagoan egon zirela itxita.
Nafarroako egoera beste hiru herrialdeekin alderatuta txarragoa da. Martxoan, 794 auto merkaturatu dituzte hango kontzesionarioek; iaz, epe berean, 1.122. Salmenta, beraz, %29,23 jaitsi da herrialdean. Beherakadarik txikiena Bizkaian izan da, iaz baino ia %14 matrikulazio gutxiagorekin. Gipuzkoan, %17,66 jaitsi da, eta Araban, %18,9.
Markei dagokienez, Renaultek saldu du auto gehien Hego Euskal Herrian. Haren atzetik, Citroenen eta Forden modeloek eduki dute arrakastarik handiena. Nabarmentzekoa da gero eta gehiago saltzen direla auto txiki eta kontsumo apalekoak.
Laguntzen beharra
MartxoanNafarroako saltzaileek emaitza kaskarrak izan dituzten arren, litekeena da datozen hilabeteetan egoerari buelta ematea. Izan ere, Gobernua auto berriak erosteagatik laguntzak ematen hasi zen hilabete amaieran. Kilometroko 100 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen duen auto bat erosten dutenek 2.200 euroko laguntza jasotzeko aukera dute, eta 140 gramo CO2 baino gutxiagoko ibilgailua erosiz gero, 1.200 eurokoa. Neurria onartu zenetik, egunean 30 auto saltzetik 70 saltzera pasa direla jakinarazi du Faconauto Espainiako auto saltzaileen patronalak.
Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak onartutako neurriaren alde hitz egin zuen atzo. Hego Euskal Herriko datuak ez ezik, Espainiakoak ere eman zituen patronalak. Han, %38,61 jaitsi dira matrikulazioak martxoan, eta lehen hiru hilabeteetako datuak kontuan hartuta, ia %43.
Egoera ikusita,ezinbestekotzat jo zuen Gobernuak salmenta suspertzeko laguntza zuzenak ematen hastea.«Nafarroako adibideari jarraitzeko eskatuko nieke autonomia erkidego guztiei. Argi eta garbi ikusi da laguntza zuzenek kontsumitzaileek duten konfiantza krisia erabat uxatzen dutela», adierazi du Antonio Romero-Haupold presidenteak. Erosleei laguntzak ematen hasi diren herrialdeetan salmenta nabarmen igo dela gaineratu du.
Alemania da horren adibiderik nabarmenena. Bederatzi urte baino gehiagoko autoa erretiratu eta berria erosten dutenei 2.500 euroko laguntza ematen die Gobernuak. Martxoko datuak ez dituzte jakinarazi oraindik, baina otsailean %11, 9 hazi zen salmenta.
Frantziak 1.000 euroko laguntzak ematen dituhamar urtetik gorako autoa bota eta kilometroko 160 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen duen auto bat erosiz gero. Neurri horrek lagunduta, martxoan %8,1 igo da salmenta. Herrialdeko autogile guztiek hobetu dituzte iazko emaitzak. Citroenek %28,6 gehiago saldu du, Renaultek %12,9 gehiago, Daciaren salmentak %11,5 eta Peugeotenak %5,7.
Alemania eta Frantziarekin alderatuta, egoera guztiz bestelakoa da Japonian. Munduko bigarren ekonomian, %31,5 jaitsi da salmenta. Iaz, 1971tik aurreneko aldiz, hiru milioi auto baino gutxiago saldu zituzten han.
Autoen matrikulazioek jaisten jarraitzen dute, baina motelago
Hego Euskal Herrian joan den urtean baino %19 auto gutxiago saldu dira martxoan, DGTren datuen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu