Autoen prezioek Nafarroan izan dute beherakadarik handiena, %11,7koa hain zuzen. Eta batez beste, prezioa 20.507 eurotan geratu da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, garestiago daude autoak, eta Nafarroan baino ia 1.000 euro gehiago utzi behar dira horretarako. Batez beste, 21.487 eurotan dago autoaren prezioa, eta iaztik %7,3 inguru merkatu da.
Kontzesionarioetan egin dituzten promozioak izan dira merkatzeak eragin dituztenak, hein handi batean. Araban. Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, promozioetan egindako ahalegina %12 handitu da iragan urteko uztailarekiko, eta 2.450 euroraino autoko. Urte hasieratik, berriz, oraindik eta gehiago handitu da kopuru hori: %18raino. Horrenbestez, auto bat erosteko garaian 2.392 euro ere aurreztu daitezke batez beste.
Auto saltzaileek salmentak bultzatzea izan dute helburu mota horretako neurrien bidez. Baina administrazioaren laguntza ere izan dute horretarako. Hala, salmentak pixka bat piztea lortu ahal izan dute azken hilabeteotan. Uztailean, esaterako, %15,3 hazi ziren auto salmentak Hego Euskal Herrian,Ekainean, dagoeneko Hegoalde osoan laguntzak martxan jarri zirenean, %23 igo ziren.
Finantzaketa aldetik, banku eta aurrezki kutxek autoko prestatutako dirua %18 jaitsi da iazko uztailarekiko. Faconautok gaineratu du herritarren aurrezteko gaitasunak gora egin duela, eta horrenbestez eskaerak «kalitate handiagoa» eskuratu duela uste du.
Autoen prezioak merkatu arren, Faconautok beharrezkotzat jotzen du datozen hilabeteetan prezioak berreskuratuz joatea: «Bai markak berak eta baita kontzesionarioek ere marjinak berreskuratzen hasi behar dute, hilabete asko baitaramatzate prezioak jaitsiz, eta promozio ahalegin handiak eginez».