Krisiaren faktura garestien ordaintzen ari den sektoreen artean dago autogintza. 2008. urteko datuek inolako zalantzarik gabe erakusten dituzte arazo horiek. Hegoaldean, hain zuzen ere, matrikulazioak %21,8 jaitsi dira. Horrek esan nahi du aurreko urtean baino 16.000 ibilgailu gutxiago izan direla. Hain zuzen ere, Nafarroan 2007. urte osoan saldu zen auto kopuru bera, esaterako.
Urteak aurrera egin ahala krisia gero eta sakonagoa izan da. Ez da harritzekoa, hortaz, auto-saltzaileentzat hilabeterik eskasenak azaroa eta abendua izatea. Urteko azken hilabetea izan ohi da auto gehien saltzen den garaia, baina 2008an jaitsierarik bortitzena, %37, eman zen aldia da. Era berean, uztailetik aurrera hilabetez hilabete %25 edo gehiagoko salmenta jaitsierak pilatu dira, aurreko urteko datuekin alderatuz gero.
Herrialdeei dagokienez, Arabak soilik eutsi dio pixka bat egoerari. Lurralde horretan %11 ibilgailu gutxiago saldu dira, baina kontuan hartu behar da 2007an azken urteotako markarik handiena egon zela. Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, aldiz, antzeko murrizketak izan dira, %23 eta %26 bitartekoak.
Anfac edo Faconauto Espainiako patronalen arabera, finantzaketa faltak autoak erosteko zailtasunak handitu ditu, finantza krisiaren ondorioz. Haatik, Antonio Romero Faconautoko presidenteak ez du uste aurtengoa iazkoa bezain txarra izango denik, eta urteko bigarren sei hilabeteetan salmentak 2007koen pare jarriko direla iragarri du, besteak beste, Euriborraren eta erregaiaren jaitsierei esker.
Ford, Espainian lider
Patronalek ez dituzte Hegoaldeko datuak eman marka ezberdinen salmentari buruz. Edonola ere, Espainiako datu orokorrak kontuan izanik, Ford izan da berriro merkatuko erregea, 106.000 auto baino gehiagorekin. Haatik, ibilgailu gehien saltzen dituzten autogile guztiek jaitsiera garrantzitsuak pairatu dituzte. Forden salmentak %24 jaitsi dira 2008an, Peugeotenak %21,6, Citroenenak %33,5, Seatenak %27, eta Renaultenak %30. Espainian gehien saldu den autoa Ford Focus izan da, Renault Megane eta Citroen C4ren aurretik.
Salmentak handitu dituzten bakarrak Nissan, Lancia eta Subaru izan dira. Nahiz eta hiruren artean merkatuko parte txikia izan, gai izan dira auto gehiago saltzeko. Nissanen kasuan, hain zuzen ere, %3,8 gehiago izan dira, 34.700 ibilgalutik gora. Lanciak, berriz, 4.300 auto saldu zituen, %8,7 gehiago.
Gama handiko autoen kasuan, jaitsierak gertatu dira, baina gehienetan batez bestekoen azpitik: Audi (%18,8 gutxiago), BMW (%18,6), Mercedes (%22,8), eta Volvo (%46,3).
Autoaren ezaugarrien arabera, monobolumenen salmenta %59 jaitsi zen, noranahiko handiena %55, eta luxuzko ibilgailuak %50 gutxiago saldu ziren. Era berean, diesel autoek nagusitasunari eutsi diote, gasolinakoek ehuneko batzuk irabazi arren.
Autoen salmenta %21,8 murriztu da Hegoaldean, finantzaketa faltagatik
Abenduan, ibilgailu gehien saltzen den hilabetean, salmentak %37 jaitsi ziren, urteko murrizketarik handiena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu