Autoen salmenta ia %5 handitu da Hegoaldean, laguntza publikoei esker

Ibilgailu txikiagoak, merkeagoak eta gutxiago kutsatzen dutenak hobetsi dituzte erosleek

Ivan Santamaria.
2010eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Autoen salmentak 2008an hasi zuen jaitsierari buelta eman zaio diru laguntza publikoei esker. Faconauto kontzesionario elkarteak atzo emandako datuen arabera, 2009. urtean autoen salmenta %4,7 handitu zen Hego Euskal Herrian. Maiatza arte egondako jaitsiera sakonaren ondotik, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak onartu zituzten pizgarriek merkatua suspertzea lortu zuten. Guztira, 58.365 auto saldu ziren Hegoaldeko lau herrialdeetan.

Nafarroak aurrea hartu zuen esku-hartze publikoari dagokionez, eta martxoan autoak erostearen truke laguntzak emateko ekimena iragarri zuen Miguel Sanzen gobernuak. Iragarpenak ia berehala izan zuen efektua. Urtearen amaierarako %14 baino gehiago izan da hazkundea herrialde horretan.

Maiatzean Espainiako Gobernuak 2000E plana indarrean jartzea erabaki zuen. Eusko Jaurlaritzak ekimenarekin bat egin zuen, eta harrezkero, ibilgailua berritzeko 2.000 euroko beherapena izan dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erosleek. Alta, auto salmentak soilik Bizkaian egin du nabarmen hobera, %8, iazko datuarekin alderatuz gero. Gipuzkoan igoera oso apala egon da (%1), eta Araban %10 baino gehiago jaitsi da. Kontuan hartu behar da 2008an Araban jaitsi zela gutxien autoen salmenta.

Erosle partikularrek baliatu dute eskaintza, batez ere, eta horiek erositako autoak %27 gehiago izan dira. Aldiz, enpresek erositako ibilgailuak edo alokatzeko zirenak jaitsi dira berriro ere, nabarmen.

Laguntza ofizialen baldintzak erosi diren ibilgailuen ezaugarriekin bat datoz. Hala, auto txikiagoak, merkeagoak, eta gutxiago kutsatzen dutenak nagusitu dira urteko bigarren erdian, azpimarratu du Faconautok. Kilometro bakoitzeko 120 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen duten ibilgailuek aurrerapauso itzela eman dute herrialde guztietan. Bizkaian eta Nafarroan %90 baino gehiago handitu da horien salmenta, Gipuzkoan %60, eta Araban ia %30.

Oraingoz, 2000E planak indarrean jarraitzea erabaki du Espainiako Industria Ministerioak. Haatik, aurrekontua amaitzen denean - 100 milioi euro - ez dela luzatuko ohartarazi du. Auto-saltzaileen elkartea, Ganvam, kezkaturik dago horrekin, eta merkatua «osorik suspertu arte» laguntzei eusteko galdegin zuen atzo, ohar baten bidez. Saldu den auto bakoitzak ogasunen kutxetan 566 euro utzi dituela adierazi zuen elkarteak, gainera.

Renault, salduena

Ganvamek emandako datuen arabera, markarik salduena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Renault izan zen, Citroen eta Ford ekoizleen aurretik.

Bestalde, Frantzian laguntza publikoek ere arrakasta izan dute, eta iaz ibilgailu salmentak %10 handitzea lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.