Handitzeko eta dibertsifikatzeko bere estrategiarekin jarraitzen du CIE Automotive taldeak. Xede horrekin erosi du Alemaniako Inteva Roof Systems, 650 milio euroko inbertsioa eginez.
Autoentzako sabaiak egiten ditu Intevak eta alor horretan munduko hiru talde handienetako bat da. 4.400dik gora langile ditu eta urte honetarako 850 milioi euroko salmentak aurreikusten ditu. Guztira, hamasei lantegi eta sei ikerketa zentru ditu zazpi herrialdetan banatuta —Alemanian, AEBetan, Eslovakian, Errumanian, Txinan, Indian eta Mexikon—. Eta bezeroen artean ditu munduko autoentzako osagai originalen fabrikatzaile nagusiak; eta horien artean azpimarratzekoak Txinakoak.
Autoetarako sabaiak lehendik ere egiten ditu CIE Automotivek, 2009. urtean Advanced Comfort Systems (ACS) bereganatu zuenetik. ACSk hamar urtetan bikoiztu egin ditu salmentak. Dibisio horrekin Intevak duen osagarritasuna nabarmendu du CIE Automotivek, "bai bezeroen mailan, baita geografian eta produktuetan ere". Horrek, CIE Automotiven ustez, sabaien negozio eremuan presentzia nabarmen handitzea ekarriko dio.
Euskal taldeak konfort sistemetan apustu egiten jarraitzen du erosketa honekin. "Estilora, estetikara eta konfortera bideratutako produktuen zorroa indartzea ekarriko digu". Izan ere, CIE Automotiven arabera, joera hori da irabazlea sektorearen bilakaeran, hazkunde aukera handiekin.