Kobratu gabekoa aurreratu egiten dute, eta gero kobratu zain geratzen dira. Eta kasu askotan ez dute kobratzen. Beraz, kaltea bikoitza da: alde batetik, BEZaren dirua aurreratu egin behar dute, oraindik lana kobratu ez badute ere; bestetik, kasu askotan ez dute jasotzen zerbitzuarenedo produktuaren ordaina.
Zenbatu egin dute langile autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek zenbat diru duten oraindik kobratzeko Hego Euskal Herrian, BEZa ordaintzeko aurreratu duten diruagatik: 60,82 milioi euro Hego Euskal Herrian. Hiru eurotik bat Gipuzkoan (20,95 milioi euro), beste hainbeste Bizkaian (19,51 milioi euro), 14,26 milioi euro Nafarroan eta 6,10 milioi euro Araban.
Gestha Espainiako Ogasun Ministerioko teknikariek eman dituzte zenbakiak, INE Espainiako Estatistika Erakundearen datuetan oinarrituta.
Prozedura gaiztoa da, are gehiago krisi garaian, ordaintzen ez duten bezeroen eta ordainketa atzeratzen duten bezeroen kopurua nabarmen handitzen denean. Autonomoek eta enpresa txikiek dirua aurreratzen dute, ez dakite bezeroek ordainduko dieten, eta beren negozioak aurrera ateratzeko likidezia galtzen dute. Zenbait kasutan ez daukaten dirua aurreratuz, maileguen bitartez. Eta bezeroek ordaintzen ez badiete, berentzat ere zailagoa da hornitzaileei ordaintzea.
Autonomoak eta enpresa txikiak haserre daude. BEZa, balio erantsiaren gainezko zerga, fakturak kobratzen dituztenean ordaindu nahi dute, ez lehenago, zerbitzua eskaintzen edo produktua saltzen dutenean. Zenbait alderdi politikok eskaera hori aintzat hartu dute, eta proposamen zehatzak egin dituzte, aldaketa onartzeko. PPk, CiUk eta Entesak (PSM-EN) proposamen hori egin dute, Espainiako Ekonomia Iraunkorraren Legeari aurkeztutako zuzenketen bitartez. Gaur eztabaidatuko dute legea Senatuan.
Espainiako Senatuan
ATA Langile Autonomoen Elkarteen Espainiako Federazioak zuzenketekin bat egiteko eskatu die alderdiei. Besteak beste, Europako Kontseiluak aldaketaren aldeko direktiba onartu zuelako. Baimendu egin zuen hornitzaileakBEZa ordaintzea bezeroak zerbitzua edo produktua ordaindu ostean. Europako gobernuek urtea amaitu arte daukate neurria onartzeko. Gesthak, hala ere, ahalik eta azkarren onartzeko eskatu du, epea amaitu arte zain egon gabe.
Ordainketak atzeratzeak edo ez ordaintzeak ondorio latzak izan ditu autonomoen artean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2009etik 2010era 3.300 autonomo gutxiago daude izena emanda Gizarte Segurantzako autonomoen erregimenean.
Ordainketa atzeratzen duen bezero nagusietako bat Administrazioa da. «Autonomoek administrazioei eskaintzen dizkieten zerbitzuak bost hilabete beranduago kobratzen dituzte, baina BEZaren %18a aurreratu egin behar dute», salatu zuen ATAk atzo. «Beraz», jarraitu zuen, «administrazioak finantzatzen ari gara, ez alderantziz».
Autonomoek eta enpresa txikiek BEZaren 60 milioi euro dituzte kobratzeko
Bezeroek ordaindu aurretik aurreratu behar dute zergaren dirua, eta gero zailtasunak dituzte kobratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu