Autonomoen oinarrizko araua

Estatutu propio batek hainbat eskubide ziurtatuko dizkie autonomoei; tartean, langabezia sari bat eskuratzea

Ivan Santamaria.
2006ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Oinarrizko betebehar eta eskubideen kode propioa izateko aldarrikapen historikoa lortzeko bidean dira azkenik langile autonomoak. Joan den urtean aditu talde batek aurkeztu zuen txostenean oinarrituta, lege proiektua prestatzen ari da Espainiako Gobernua. Helburua uda iritsi baino lehen onartzea da, Langile Autonomoaren Estatutua 2007. urterako indarrean sar dadin.

Aditu taldeak egin zuen proposamenak, ñabardurak ñabardura, autonomoak biltzen dituzten elkarteen oniritzia jaso zuen, batez ere eskubide soziolaboralen alorrean zeuden hutsuneak zuzentzen dituelako. Besteak beste, erretiroa arautzen du, eta jarduera eteten denean langabezia sari bat jaso ahal izateko aukera ematen die. Sasi-autonomoei dagozkien betebeharrak ere finkatzen ditu, eta aldi baterako lanak ere aintzat hartzen ditu.

Hego Euskal Herrian 236.000 autonomo daude Gizarte Segurantzan afiliaturik, arrantzakoak eta nekazaritzakoak aintzat hartuta. Kotizatzen duten bost lagunetik bat autonomoa da, gutxi gorabehera.

-Eskubideak:Oinarrizko eskubide profesionalen zerrenda diskriminaturik ez izateko aitortzatik abiatzen da. Ondoren, beste hainbat eskubide onartzen zaizkie, honakoak tartean: lana eta lanbidea aukeratzeko; lehia askerako; euren jarduera profesionalaren truke soldata bat jasotzeko; lana eta familia bateratzeko; jabego intelektualerako; edo behar duenean laguntza eta sariak jasotzeko, Gizarte Segurantzako legediaren arabera.

-betebeharrak: Estatutuak, halaber, autonomoek bete beharko dituzten eginbehar orokorrak biltzen ditu: kontratuak bete; laneko segurtasun eta osasun neurriak gorde; Gizarte Segurantzaren erregimenean afiliatu eta kotizatu; edo legeak arautzen dituen betebehar fiskalei aurre egin.

-langabezia saria: Lanik ez duenean, arrazoi objektiboak baldin badaude, autonomoei sari bat jasotzeko eskubidea onartuko zaie estatutuan. Gutxi gorabehera, erregimen orokorreko langileek duten langabezia sariaren parekoa litzateke. Lan faltari aurre egiteko ez ezik, familia eta lana bateratu ahal izateko neurria ere izango da.

Sari horrek nolakoa izan behar duen eztabaidatzen ari dira orain Espainiako Gobernua eta autonomoen elkarteak. Negoziazioetan sistema publikoa eta unibertsala martxan jartzeko ideiak aurrera egin du, baina finantzaketa arazo bihurtu da. Izan ere, bere kabuz lanean ari diren gehienek (%80 inguru) kotizatzeko kuotaren gutxieneko oinarriak ordaintzen dituzte. Irtenbide bat gutxieneko kotizazio hori igotzea litzateke, gastu berri horri aurre egin ahal izateko.

-Gizarte babesa: Autonomoen aspaldiko kezka izan da babes neurri horiek edozein langilek dituenekin parekatzea. Artikulatuak aintzat hartu ditu sektorearen aspaldiko eskaerak. Gaixotasun profesional edo arrunta denean, edo istripu bat gertatzen denean, lanekoa izan edo ez, osasun laguntza medikoa jasotzeko eskubidea izango dute, baita amatasunean ere.

Kasu horietan eta beste batzuetan ere haurdunaldian arriskua, lanerako ezintasun iraunkorra edo iragankorra, haurrak zaindu behar izatea, heriotza, edo erretiroa, esaterakoordain bat jasotzeko aukera izango dute. Erretiroari dagokionez, adina bete eta gero lanean jarrai dezaten sustatzeko politikak egingo dituzte administrazio publikoek, baina, edozein kasutan, aurrez erretiratzeko eskubidea ere aitortzen zaie autonomoei. Bestalde, afiliatu eta lehen bi urteetan Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino gutxiago irabazten dutenek kotizatzeko betebeharretik libratuko dira. Halaber, gazteen, emakumeen, elbarrien edo 45 urtetik baino gehiago dituztenen mesederako pizgarriak onartzeko aukera zabalik uzten du egitasmoak.



-sasi-autonomoak: Estatutuak sasi-autonomoen egoera berezia aintzat hartuko du. Era koordinatuan eta jarraituan bezero bakar batentzat lan egiten duten beharginak dira, bezero horrenganako dependentzia ekonomikoa dutenak.

Kontratuan besterik esaten ez bada, langileak urtean gutxienez hamabost lan eguneko oporraldia izatea finkatzea proposatu zuten adituek. Lana denboraren arabera neurtzen baldin bada, gehienezko kopurua ere ezarri beharko da. Aparteko lan orduak borondatezkoak izango dira, eta ezin izango dute lanaldiaren %30 gainditu.

 



-

LEGEAREN IBILBIDEA



 

Testua fintzeko bilerak datozen asteotan





Langile Autonomoaren Estatutuaren tramitazioa aurrera doa. Ministroen Kontseiluak udako oporraldia hasi baino lehen lege proiektua onartzea nahi dute. Irailean testua Gorteen esku geratuko litzateke, eta, eztabaida handirik ez bada sortzen, posible litzateke urtea bukatu baino lehen Espainiako Legebiltzarraren oniritzia jaso eta 2007rako indarrean egotea. Proiektuaren jatorria iaz aditu talde batek aurkeztu zuen txostena da.

Aurretik Lan Ministerioa CEOE eta Cepyme patronalekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin bilduko da testua aztertzeko. Jarraian, sektoreko elkarte nagusiekin bilera izango dute, Langile Autonomoen Federazioak (ATA), Langile Autonomoen Batasun Profesionalak (UPTA), eta Espainiako Autonomoen Federazioak (CEAT).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.