Hipotekak pagatzen ez dituztenei etxebizitzak kentzen jarraitzeko moduan dira finantza erakundeak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren arabera, etxebizitza kentzeak ez ditu urratzen babes judizial egingarria eta etxebizitza duin bat izateko hipotekadunak dituen eskubideak; horrenbestez, desjabetzeak ez dira konstituzioaren kontrakoak.
Atzo kaleratutako autoarekin, Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du konstituziokontrakotasunik dagoen aztertzeko Sabadellgo Lehen Auzialdiko 2. Epaitegiak iazko irailean egindako eskaera. Epaitegi horrek Hipoteken Legea moldatzea aztertzeko eskatu zion Auzitegi Konstituzionalari, etxebizitza finantza erakundeari ematea zorra kitatzeko nahikoa izan dadin.
Auzitegi Konstituzionalaren arabera, ez dagokio berari hipotekak ordaindu ezin dituztenei egun ezartzen zaien prozedura moldatzeko beharrik dagoen ala ez aztertzea. «Erakunde legegile gisa», gai hori «esklusiboki» Espainiako Gobernuari dagokio.
Autoa idatzi duten epaileen irudiko, Sabadellgo epaitegiak mahai gainean jarritako konstituziokontrakotasun auziak ez du funtsik eta oinarririk. Eta 1981eko abenduaren 18an kaleratutako sententziak ezarritako doktrina aipatzen dute, hark finkatu zituelako etxebizitza kentzea saihesteko hipotekadunek dituzten aukerak.
Sententzia haren arabera, etxebizitza kentzen dieten hipotekadunak ez dira «babesgabe» gelditzen, eta bi irtenbide ematen ditu: bata, zorra ordaindu eta desjabetzea ekiditea; bestea, epaileari eskatzea prozedura adierazle bat zabaltzeko, aldeen arteko eztabaida konpon dezan.
Auzitegi Konstituzionaleko bederatzi epaileak babestu dute atzo kaleratutako autoa, baina hamargarren epaileak, Eugeni Gayk, haren kontra bozkatu du. Gayren ustetan, gainontzekoek ez dituzte kontuan izan Espainiako egungo «errealitate soziala etajuridikoa» eta beharrezkotzat jotzen du mahai gainean jarritako auzia egungo testuinguruaren baitan aztertzea. «Azken finean, gaurko ekonomia eta finantza egoeraren ezaugarriak erabat desberdinak dira 1980ko lehen urteetakoen ondoan eta aldaketa horrek zuzenean eragiten du maileguhartzaileak hartuko konpromiso hipotekarioak betetzeko baldintzen esentzian».
Gayren esanetan, finantza sistemaren «konplexutasuna eta opakutasunagatik», herritarrek eragiketak zituen arriskuez ohartu gabe kontratatu dituzte hipotekak, eta «oso litekeena dirua uzten ari ziren erakundeek ere ez izatea arrisku horien berri». Horiek hala, bi aldeek «funtsezko akatsak» egin zituztela dio.
Auzitegi Konstituzionalak dio etxebizitza kenduta ez dela eskubiderik urratzen
Egungo prozedurak babes judizial egingarria eta etxebizitza izateko eskubidea errespetatzen dituela dio autoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu