Zerga iruzurraren aurkako borrokaren berri emateko agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean Helena Franco Gipuzkoako Ogasun ahaldunak. Bizkaiko eta Arabako ogasunei ere agerraldia eskatu zaie, baina Gipuzkoa izan da lehenbizikoa, PSE-EEk eskatuta. Francok argi utzi du zerga iruzurrari aurre egitea erakunde guztien lana dela, baina nabarmendu du koordinazioan "asko" dagoela egiteko.
2012. urtean Gipuzkoak 402 milioi euro azaleratzea lortu zuen kontrol neurrien bidez. Iruzurraren parterik handiena —%74 inguru— BEZ balio erantsiaren zergan eta sozietate zergan aurkitu zuten. Azaleratutako diru horretatik %70 inguru urtean bertan kobratu, likidatu eta ekarpen sisteman sartzen da. Hortik kanpo geratzen da delitu fiskalekin zerikusia duen dirua, epaia irmoa izan arte ez delako berreskuratzen. Aurreko urtearekin alderatuz, azaleratutako dirua %28 handitu zen. Hori bai, herrialdean ekonomia ezkutua zenbatekoa izan daitekeen ezin dela kalkulatu onartu du Francok. "Ez naiz ausartzen kopuru bat ematera. Badakigu egon badagoela". Azterketa batzuk %18-20 inguruan kokatzen dute ekonomia ezkutuaren pisua.
Legebiltzarreko taldeen txandan, zerga iruzurrari aurre egiteko plan bateratu bat antolatzea posible ikusten duen galdetu dio Txarli Prieto PSEko ordezkariak ahaldunari. "Oso urrun ikusten dut aukera hori", erantzun dio Francok. Hala ere, zerga eskumena dituzten erakundeen arteko informazio trukea errazteko neurri gehiago hartzea proposatuko die Gipuzkoak beste foru aldundiei. Iruzurraren aurkako plan bat bultzatzen saiatu zen PSE aurreko legealdian, baina Bizkaian EAJren eta Araban PPren aurkako jarrerarekin topo egin zuen. Atzo ere EAJk Legebiltzarra ez zela zergei buruz aritzeko tokia defendatu zuen, eta horregatik bere legebiltzarkideek ez zioten galderarik egin Helena Francori.