Azaroa bitarte zergetan %2,7 gutxiago bildu dute hiru diputazioek

'Rover auzia'-k eta kupoaren inguruko desadostasunek %12,2ko jaitsiera eragin dute BEZean

Donostia
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Azarora bitarte, 10.190 milioi euro bildu dituzte zergetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, joan den urteko garai berean baino %2,7 gutxiago —282 milioi euro—. Zeharkako zergen bilakaera txarraren ondorio da jaitsiera, atal horretan %11,7 gutxiago bildu baitute hiru ogasunek; zuzenekoetatik, aldiz, %7,4 gehiago eskuratu dute.

Deigarriena BEZ balio erantsiaren zergan izandako beherakada da. Iazko uztailean tasa orokorra %16tik %18ra igo zuen Espainiako Gobernuak, eta tasa murriztua, %7tik %8ra. Igoera hori bilketan igartzea zatekeen normalena. Baina ez, aurtengo lehen 11 hilabeteetan iaz sasoi berean baino %12,2 gutxiago bildu dute diputazioek.

Kontsumoaren jaitsiera izan zitekeen BEZean diru gutxiago biltzeko arrazoietako bat, baina oraingoan ez da arrazoi bakarra. Beraz, zerk eragin du horrenbesteko jaitsiera? Badago ezohiko faktore bat: Euskal administrazioek eta Espainiako Gobernuak Rover auziaren eta kupoaren inguruan dituzten gorabeherak.

Espainiako Auzitegi Gorenak hala aginduta, hiru administrazioek Rover markako autoen inportazioei zegozkien 435 milioi euro itzuli behar dizkiote Madrili. Diru hori joan den urtean jaso zuten Espainiako Gobernuaren eskutik. Horregatik, iaz, azarora bitarte BEZean %38 gehiago bildu zuten hiru aldundiek. Aurten, baina, kontrakoa gertatu da, diruaren zati bat —145 milioi euro—jadanik itzuli diotelako. Gainontzekoa 2012an eta 2013an ordaintzeko asmoa dute.

Kupoaren inguruko desadostasunengatik, berriz, BEZaren doikuntzan Espainiako Gobernuak zegokion baino 200 bat milioi euro gutxiago itzuli dizkie hiru aldundiei.

Hala ere, ez da BEZa zeharkako zergen artean bilakaera txarra izan duen bakarra. Ondare eskualdaketenean eta agiri juridikoenean iaz baino %32,4eta %28 gutxiago bildu dute, etxegintza sektorearen gainbeheraren seinale.

Helburua betetzea, zaila

Aldiz, eta krisi garaian kontrakoa espero zitekeen arren, sozietateen gaineko zergan 1.212 milioi eskuratu dituzte, iaz baino %13,5 gehiago. Kontuan izan behar da, ordea, iaz %19,9 murriztu zela, duela bi urte %18,3 eta duela hiru %16,8. PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, berriz, iaz baino %6,4 gutxiago bildu dute hiru aldundiek.

2011ko aurrekontuak egin zituztenean aurten 12.500 milioi euro bilduko zituztela kalkulatu zuten foru aldundiek, iaz baino 700 milioi euro gehiago. Urrian, hala ere, zenbaki hori berrikusi egin behar izan zuten, aurreikusitakoa ez zutelako inolaz ere beteko. Urtearen hasieran iragarritakoa baino 800 milioi euro gutxiago bilduko zituztela onartu zuten orduan, 11.690 milioi, iaz adina. Orain arteko datuei erreparatuta, nahikoa lan izango dute kopuru horretara iristen, iazko abenduan 1.230 milioi euro bildu zituztelako, eta aurten 1.500 milioi behar dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.