EAEko Enpresaburuen Konfederazioak, Confebaskek, lanaldia luzatzearen alde eginiko adierazpenek erreakzioak sortzen jarraitzen dute. Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Lan sailburua eztabaidari batu zitzaion. Patronalaren eta sindikatuen arteko negoziazio prozesuari errespetu osoa adierazi zion Azkarragak, baina 35 orduko lanaldia «gizartearen utziezineko garaipena» dela oharta- razi zien enpresaburuei.
Halaber, Confebaskek lan antolakuntzaren malgutasuna edo lan orduak handitzea negoziazioaren ardatz egin izana kritikatu zuen Lan sailburuak. Haren irudiko, berrikuntza, trebakuntza edo segurtasuna eta lan osasuna itunen negoziazio prozesuaren barruan egon behar dute.Enpresaburuen asmoa gogor salatu dute, aurretik, ELA eta LAB sindikatuek. Damaso Casado UGT Euskadiko idazkari nagusiak ere eman zuen bere iritzia. Haren ustez enpresen lehiakortasunak ez du inolako zerikusirik lan jardunaldiarekin eta soldatarekin.Euskal Herrian sindikatuen artean dauden liskarrak ikusita, patronala «puzten» ari dela uste du Casadok. Ondorioz, milaka langile hitzarmen kolektiborik gabe geratzen dira. «Egoera horretan Confebask eroso dago», Casadok azaldu zuenez. Jarrera horrek, aldiz, ez dituela enpresaburuen benetako interesak ordezkatzen adierazi zuen. Confebaskek, CEOEko partaide izanik, negoziazio kolektiborako patronalak UGT eta CCOOrekin Espainian onartu duen ituna aurrera eramateko betebeharra duela ohartarazi zuen Casadok.
LAN JARDUNALDIA. LANALDIA
Azkarragaren ustez, 35 orduak «utziezineko garaipena» dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu