Hazkunde handiko garaia amaituta, Gipuzkoako enpresek «azken 15 urteotako unerik txarrena» bizi dutela ziurtatu du Adegik. Industriaren indarrari esker orain arte ekonomiaren motelaldiari inguruko lurraldeek baino hobeto eutsi dion arren, datozen 12 hilabeteotan zailtasunak aurreikusi dituzte Gipuzkoako enpresek.
Adegik lurraldeko enpresen artean egindako inkestak ez du datu onik ematen. Salmentek %5 egin dute behera urteko lehen erdian iazkoarekin alderatuz gero. Motelaldia azken hilabeteetan gertatu da, urtarriletik martxora %1 hazi ziren eta.
Jaitsierak lotura handia du Espainiaren bat-bateko motelaldiarekin. Izan ere, urteko lehen erdian Hego Euskal Herriko beste lurraldeetara eta Espainiara egindako salmentak %8 ,2 gutxitu dira. Hortik kanporakoak, ostera, %5,7 handitu dira. Eraikuntzan (-%20) eta harekin lotutako sektoreetan gertatu da jaitsiera handiena. Metalgintzako enpresek -nagusi dira Gipuzkoan- hobeto eutsi diote, esportazioen indarragatik. Hala ere, Frantziaren eta Alemaniaren ekonomiek ere okerrera egin dute azken hilabeteotan, eta oso litekeena da esportazioak ere erortzea.
Enpresek jaso dituzten eskaerek 1993az geroztiko mailarik txikienera amildu dira. Urteko lehen erdian %54era igo da eskari «ahulak edo oso ahulak» jaso dituztenak, eta %14 besterik ez dira eskari handiagoak jaso dituztenak.
Adegik azpimarratu duenez, salmentei aurre egiteko marginak txikitu behar izan dituzte Gipuzkoako enpresek. Iaztik hona konpainien %60ek txikitu behar izan dute beraiek saldutako produktuen eta kostuen arteko aldea, eta %13k baizik ez dute handitu. Bien arteko balantza positiboa zen iaz (%12) eta oso negatiboa orain (%40). Kasu honetan ere 1993az geroztiko daturik txarrena da.
Datu horiek guztiak ikusita, Adegi ezkorra da, uste baitu hurrengo 12 hilabeteotan egoerak okerrera egingo duela. «Joera aldatu ezean, ez da baztertu behar enplegua eta zenbait enpresen jarduera bera kolokan jartzea».
Azken 15 urteotako une ekonomiko txarrena dela ziurtatu du Adegik
Gipuzkoako enpresen fakturazioak eta eskariek behera egin dute urteko bigarren hiruhilekoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu