Bizitza osoa Zamudioko lantegian malgukiak eta ibilgailuetarako piezak ekoizten igaro du Mari Carmen Rodriguezek,«30 urte, hilabete bat eta zortzi egun». Orain, L&P multinazionalak Bizkaiko lantegia itxita Zaragozara (Espainia) joatea onartzen ez badu, kale gorrian geldituko da, lan eginiko urte bakoitzeko hogei eguneko soldatako kalte-ordaina jasota; «huskeria» etorkizunari aurre egiteko: «Non lortuko dut, 44 urterekin, beste lanpostu bat?». Beste 51 langilek zalantza bera dute buruan azkenaldian. Alabaina, azken egunera arte borrokatzeko asmoa berretsi zuten atzo. Ezkutuko itxiera deritzotena salatzeko eta erakundeei babesa eskatzeko, Zamudiotik Bilborainoko ibilaldia egin zuten goizetik hasi eta eguerdian bukatuta, hotzari, euri jasei eta haize gogorrari aurre eginda. Bidea, ordea, ez zuten bakarrik egin, Zamudioko herritar batzuk eta inguruko enpresatako langileren bat batu zitzaielako. Guztira ehun bat lagun bildu ziren. Miguel Angel Solano langile batzordeko ELAren ordezkariak adierazi zuenez, enpresaren berririk ez dute izan egunotan, gaur zortzi lanpostu berrietan bertaratu behar diren arren, Zaragozan edo Jaenen. Auzia epaitegietan konpontzerik ez zuten lortu, baina epaiaren ondorioz enpresak etxebizitza eta seme-alabentzako ikastetxeak agindu zizkien. Hala ere, «zein lanpostutan ariko garen ere ez digute esan», azaldu zuen Solanok. Ez da, aitzitik, harridura sorrarazi dien lehenengo gauza; izan ere, ez dute ulertzen zergatik itxi nahi duten galerarik eragin ez dien lantegi bakarra, «2004. urtean 600.000 euroko irabaziak izan zituzten gurean».
Guardia Zibilaren harrera
Lekualdaketaren berri iazko udan izan zuten langileek eta, ordutik, Zaragozako lantegira birritan joan dira bisitan, hango fabrika ezagutzeko, besteak beste. Lehenengoa abenduan egin zuten eta ez zuten arazorik izan, baina iragan ostiralean eginikoan, Guardia Zibila zain zuten eta lantegian sartzea eragotzi zien. «Gure autobusak hiria utzi zuen arte poliziaz inguratuta ibili ginen» gogoratu zuen Lorenzo Barcos beharginak, sakelakoarekin eginiko argazkiak erakutsiz.Lau urte beteko dira Amerikako Estatu Batuetako L&P multinazionala Euskal Herrira etorri eta Industrias Ubiña erosi zuenetik. Orduan lantegia handitzeko asmoak ere agertu zituen, baina orain langile batzordeak uste du euskal erakundeetatik jaso zituzten diru laguntzak Zaragozan inbertitu zituztela. ELAko ordezkariak iragarri zuenez, Bizkaiko Lan diputatu Julio Artetxek eskatuta, Begoña Lasagabaster EAko legebiltzarkideak lekualdeketen araudia aldatzeko proposamena egingo du Madrilen. Beranduegi helduta ere, «egoera bera pairatuko duten langileentzako berri ona».
Azken aukeraren ibilaldia
L&P SPRING-EN ITXIERA. Legget & Platteko beharginak protestetan ari dira Zamudioko lantegia itxi ez dezaten, lekualdaketak bizitza errotik aldaraziko baitie astebete barru
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu