Azken bozketa hurbil delarik, protesta gogortzen ari dira

Sarkozyk erretreta sistemaren erreformari eutsi arren, sindikatuek bosgarren mobilizazio egunera deitu dute gaurko

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Nahiz erretreten erreformaren aurkako protesta egunez egun gogortu, legegaia bozkatua izango dela berretsi zuen atzo Nicolas Sarkozyk, Frantziako Errepublikako presidenteak. «Erreforma funtsezkoa da. Frantziak egin egingo duela hitz eman du», esan zuen Sarkozyk, Deauvillen Angela Merkel Alemaniako gobernuburuarekin bilduta zegoela. Jarrera hori ikusirik, berriro mobilizatuko dira gaur Ipar Euskal Herriko eta Frantziako herritarrak, intersindikalak finkatu bosgarren greba eguna dutela.

Baionako manifestazioa 10:30ean abiatuko da Lan Burtsatik, CGT, CFDT, CFTC, CFE-CGC, FSU, FO, Solidaires eta Unsa sindikatuek deiturik. Aldi oro bezala, nahiz antolatzaileek baztertu, bertan egongo da LAB.Lege proposamen «bidegabeko» horren ez bozkatzea eskatuko diete senatariei. Hain zuzen, aste honetan egitekoa da bozketa; hastapen batean biharko finkatua bazen, ostegunera atzeratzea aipatzen ari dagobernua.

Mobilizazioa gogortuz doa

Gobernuak tematzen segitzen duenez, anitz dira urrats bat gehiago egiteko prest. Erakaskuntzan adibidez, Seaskako Etxepare lizeoko langilegoaren %70 greba mugagabean sartu dira eta Miarritzeko Malraux lizeokoek, berriz, greba berriztagarriaren alde agertu dira. Horrek erran nahi du egunero erabakiko dutela greban jarraitu ala ez.

«Gobernua makurtzeko asmoz» kamioilariak ere protestan sartu dira asteburuan. Atzo goizean, adibidez, A63 autobidea blokeatu zuten Miarritze aldean. «Irabazi nahi dugu, irabaziko dugu», mezua dakarren trakta banatu zuten.

SNCFko Hendaia eta Baionako langileek duela aste bat sartu ziren greba berriztagarrian.

Sektore pribatuko hainbat enpresetan ere mugimendua gogortzeko asmoarekin dabiltza. Haietarik asko izango dira gaur kalean eta biltzar nagusietan erabakiko dute eman beharreko jarraipenaz.

Ikasleak ere mobilizaturik

Atzo Ipar Euskal Herriko 15 lizeoetarik erdia baino gehiago ziren blokeaturik. Gaur gehiago izango dira eta sindikatuek deitu manifestazioari lotuko dira.

Joan den asteartean egin protestaz geroztik dabiltza lizeoak blokeatzen, ikastoki ezberdinetakoo protestak biltzar nagusien bidez koordinatzen dituztela. Atzo 260 lizeo zeuden itxita, eta istiluak izan ziren hainbat hiritan polizien eta gazteen artean. Arratsalde erditsuan ia 200 ikasle atxilotu zituzten, horietatik gehienak Parisen eta Lyonen.

Ekainean hasi zen erretreten erreformaren aurkako protesta. Hain zuzen, erretiroaren adina 60 urtetik 62ra atzeratzea eta kotizazio urte kopurua ez bete arren, pentsioa oso-osorik jasotzeko eskubidea 65 urtetik 67ra pasatzea ez dute onartzen.

Astez aste mobilizazioa azkartuz joan da. Baionako manifestazioei doakienez, 10.000 lagun atera ziren kalera ekainaren 24an, 15.000 irailaren 7an eta 15.000az gora irailaren 24an eta urriaren 12an.

Sindikatuek ostegunean dute bilera mobilizazioekin jarraitu ala ez erabakitzeko.



Erregaia falta dela-eta krisialdi batzordea osatu du Frantziako Gobernuak

Milaka gidari zerbitzugune batetik bestera dabiltzaezantza bila, askotan bukatu egin baita
J. B. Baiona

Erregaien banaketaren segurtatzeko ministerioen arteko Krisialdi Batzordea osatu du Brice Hortefeux Barne ministroak. Atzo 13.000 zerbitzu guneetatik milatik gora zeuden erregairik gabe, eta milaka ziren batetik bestera ezantza bilatzen ari ziren gidariak.

François Fillon lehen ministroa ez ezik, Luc Chatel Hezkuntzakoa, Dominique Bussereau Garraioetakoa, Eric Woerth Lanekoa, Jean-Louis Borloo Ekologikoa, Georges Trone Zerbitzu Publikokoa eta Barne ministroa ere daude krisi batzordean. Haien lana da banaketari buruzko informazio guztiak biltzea, ahal den neurrian ezantza hornikuntza ziurtatzeko. Frantziaren «blokeoa» ez duela onartuko argi utzi zuen atzo Nicolas Sarkozyk, gehituz beharrezko diren neurriak hartuko dituztela. Horien artean dago erregai biltegien sarreretan jarritako trabak eta barrikadak kentzea. Hortan ari da polizia ostiralaz geroztik.

Sindikatuek salatu dutenez, grebalari batzuek «kartzela zigor mehatxuak» jasan dituzte.

Nahiz berretsi ez dela ezantzaeskasiarik sentituko, urrats hauek salatzen dute protestak ezantzaren gabezia dakarrela. Orain duela aste bat hasi zuten greba Frantziako findegietako eta petrolio biltegietako langileek. Gobernuak xede daukan erretreten erreformaren aurka dira protestan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.