Bruselak baikortasun mezua bidali du ekonomiaren egoerari buruz, gaur goizean argitaratu dituen udazkeneko aurreikuspenetan. Euroguneko hazkundea aurten %2,2 izatea espero du, udaberrian iragarri zuena baino bost hamarren handiagoa. Batasun osorako, berriz, %2,4 da prebisioa, beste bost hamarren hobetuta. Azken hamarkadan Europak izan dituen hazkunde tasarik handienak dira.
Datozen bi urteetan barne produktu gordinaren hazkundea apur bat arinagoa izango da. Euroguneari dagokionez, %2,1 eta %1,9 da Bruselaren iragarpena 2018rako eta 2019rako, eta Europako Batasuna %2,2 eta %2 haziko da. Aurrera begirako kalkulu horien oinarria da ez direla gaur egun indarrean dauden politikak aldatuko. Enplegu sorrera, barne kontsumoa eta inbertsioa ari dira jarduera bultzatzen, eta defizita kontrolpean ikusi du Bruselak, aurten soilik Espainiak gaindituko duelako %3ko muga.
Moscovici komisarioak azpimarratu du hazkundea azkartu dela aurreko hilabeteotan. Bost urte dira susperraldia hasi zenetik, eta albiste "geroz eta hobeagoak" iritsiko direla uste du. Badago zer hobetu, hala ere. "Honek ez du esan nahi susperraldia erabat burutu denik", onartu du.
Zeintzuk dira hobekuntzaren itzalak? 1975, 1982 edo 1993. urteetako krisien irteerak askoz ere indartsuagoak izan ziren. "Garai ekonomiko ezberdinak dira. Ezohiko krisia da, babes politikoaren dependentzia handia izan duelako", argudiatu du komisarioak. Soldata eta produktibitate igoera baxuak, inflazio txikia, zorpetze altua eta krisiaren aurretik baino langabezia tasa handiagoak daude, esaterako.
Enpleguari begiratzeko eskatu du Moscovicik, hala ere. "Inoiz baino jende gehiago dugu lanean. Hori da albisterik onena", haren ustez. 155 milioi lagun ari dira lanean eurogunean, inozko kopururik handiena. Hala ere, 14,5 milioi lagun daude langabezian. Langabe tasa aurten %9,1 izatera jaitsiko da, Bruselaren arabera, eta 2019. urtean %8ren azpitik egongo da.
Herrialde handien artean Polonia, Herbehereak eta Espainia dira hazkunde tasarik handienak izango dituztenak aurten. Alemania batasuneko batez bestekoetan egongo da, eta Frantzia espero baino gehiago haziko da. Oro har, 28 herrialdeek hazkunde tasa positiboak izango dituzte. Heldu den urtean, Errumaniak, Esloveniak eta Maltak izango dituzte tasarik indartsuenak, %4tik gorakoak.