Erralderen itxiera

Azken hiltegiaren heriotza

Durangoko Erralde hiltegia bihar itxiko dute, baina oraindik ez dago argi aldi baterako edo behin betiko izango denEraikin berria egin arte, itxiera bi urte atzeratzeko eskatu dute hiltegiak eta EHNEk

Abeltzainak, harakinak, EHNE sindikatuko ordezkariak, Bilduko kideak eta hamabost herritako alkate eta zinegotziak izan dira protestan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Durango
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Erralde hiltegiak bihar itxiko ditu ateak, eta Bizkaia hiltegirik gabe geratuko da. Oraindik ez dago argi, ordea, behin-behinean edo behin betiko itxiko duten. Abenduaren 7an Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ikuskatze bat egin zuen enpresan, eta hainbat gabezia topatu zituen. Horiek konpondu arte Erralde itxita egongo dela adierazi du Lakuak. Komunikabideetara bidalitako ohar batean zioenez, «egundaino ez dituzte gabezia horiek konpondu, eta ez dago horretarako plan berezirik ere». Hiltegiko zuzendaritzak, ordea, aurkakoa dio.Osasun Sailari topatutako gabeziak konpontzeko neurrienberri eman diola azaldu du.Ez hori bakarrik, abenduaren 21ean beste ikuskatze bat egiteko eskaria ere egin ziola jakinarazi baitu.

Jaurlaritzak, Araba eta Gipuzkoako gainerako hiltegiei bezala, diru laguntza eman zion Erralderi azken ikuskatzean zehaztutako gabeziak konpondu ahal izateko. «Ez dugu ulertzen zergatik agintzen duten orain hiltegiaixteko», azaldu du Mikel Ansotegik, Erraldeko presidenteak.

Hiltegian konponketa lanek aurrera jarraitzen dute, eta hilabete bat igaro baino lehen amaituta edukitzea espero dute. Horregatik, Erralderen itxiera behin behinekoa izango dela uste du Unzalu Salterainek, EHNEko koordinatzaileak. Gabeziak konpondu ostean ganadua hil ahalko dutela dio, «berriz ireki ahal izango dugula baitio guri bidalitako ebazpenak». Jarrera hori hartuko ez balute, ordea, «gogor borrokatuko» direla adierazi du, eta Erralderi zein enpresaren barruan dauden 15 udalei «desobedientzia jarrera» hartzeko eskatuko dietela adierazi du. Izan ere, hiltegiarenzerbitzua udalen esku dago, «eta udalak ere erakundeak dira».

Behin-behineko edo behin betiko itxieraren aurretik, ordea, protesta egin zen atzo hiltegiaren aurrean. 150 lagun inguru bildu ziren, besteren artean, abeltzainak, harakinak, EHNE sindikatuko ordezkariak, Bilduko kideak eta baita Erralde osatzen duten 15 herrietako alkate eta zinegotziak ere.

Eraikin berria, irtenbide gisa

Ez da Erralde ixten duten lehen aldia. 2008an, Europako Elikagai eta Albaitarien Bulegoko ordezkariek ikuskatze bat egin zuten , eta orduan topatutako gabeziak konpontzeko bost egunez itxita egon zen hiltegia. «Ondoren,Osasun Sailaren adostasunarekin ireki genuen bueltan». Gabezia estruktural bat ere topatu zuten Bruselatik etorritako ikuskariek, «baina garbi adierazi ziguten arrazoi horregatik ezin zela eraikina itxi, kontuan hartuta, gainera, gure ekoizpena ez dela horren altua», Salterainen hitzetan.

Egiturazko gabezia hori ekoizteko linean dago, eta eraikin berri batekin bakarrik konpon daiteke. Europako egungo legediaren arabera, hiltegietako ekoizpen lineak zuzena izan behar du, eta Durangokoak ez du betekizun hori betetzen. S itxurakoa da, eta, ondorioz, hiltegitik irtetera doan abelburua sartzen ari denarekin kontaktuan egon daiteke. Hori «osasunaren kalterako»izan daiteke, Osasun Sailak jakitera eman dutenez. Hartu beharreko neurriak hartuta, ordea, arazo hori konpon daitekeela adierazi du Ansotegik.

Edozein modutan, ekoizpen mota hori aldatzeko, eraikin berri bat egiteko proiektua eginda dauka Erralde hiltegiak. Eraikitzeko lanak, gainera, udaberri honetan hasiko dira, eta bi urteren buruan amaitzea espero dute. Horregatik, egungo eraikinean lanean jarraitu ahal izateko, beste bi urtean jarraitzeko aukera eskatu diote Eusko Jaurlaritzari hainbat eragilek.

Hiltegi berria Berrizen egingo dute (Bizkaia), eta dagoeneko bisa, jarduera lizentzia eta lurren mugimenduen esleipena ere badauzka Erraldek. Eusko Jaurlaritzak igorritako oharraren arabera, eraikin berriko lanak «ez dira hasi, ez daukate eraikitze proiekturik, eta ezta behar adinako finantzaketarik ere». Aitzitik, proiektua egin ahal izateko beharko liratekeen bederatzi milioi euroen %60 bilduta daude, EHNE eta Erraldeko ordezkarien arabera. Diru kopuru hori Jaurlaritzako Osasun Sailetik eta 15 udalen bidez lortu dutela zehaztu dute. Gainerako diru kopurua biltzeko garaian bide berriak jorratzen ari dira, besteak beste Bizkaiko udal gehiagoren babesa lortzeko aukera aztertzen ari dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiari ere eskatu diote laguntza, eraikin berriak lurraldeari egingo dion zerbitzua kontuan hartuta.

Hiltegi eredu ezberdina

2008an bost egunez ez ezik, 2005ean ere itxi zuen Erralde Jaurlaritzak, Bilboko Zorroza auzoan zegoen hiltegia indartzeko. Hark porrot egin zuen 2010ean, baina aurretik Bizkaiko 15 udalerri Durangoko hiltegia berriz martxan nola jarri aztertzen aritu ziren. Hala zabaldu zuten Erralde 2007an, eta egun Bizkaiko bakarra da —Karrantzan ere badago beste bat, baina oso txikia da eta inguruko baserritarrei bakarrik ematen die zerbitzua—.

Biharko itxiera, ordea, ez da Eusko Jaurlaritzak erabilitako arrazoiengatik izango, Salterainen iritziz. «Erraldek sortu duen ereduak euren lobby-a arriskuan jartzen du, hau da, kanpotik ganadua ekarri, eta kanpora saldu». Horrek diru asko mugitzen duela garbi du EHNEko koordinatzaileak, eta dio ez datorrela bat Erraldek duen filosofiarekin: «Hemen ekoitzi, hil eta zerbitzatu». Eraikin berriak eredu horri jarraipena emango diola zehaztu du. «Horregatik hiltegi zaharraren eta berriaren arteko zubia suntsitu nahi dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.