Langabeziak goraka jarraitzen du Hego Euskal Herrian, azkeneko hiruhilekoan 1.800 lagun gehiago zeudelako lanik barik, Espainiako Estatistika Institutuak gaur jakinarazi duenez.
Oraingoz, erkidegokako datuak daude: EAEn, uztail, abuztu eta iraileko hiruhilekoan 6.600 pertsona gehiago zeuden langabezian; Nafarroan, 4.800 gutxiago.
203.900 pertsona daude lanik gabe Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan, iaz garai berean baino 38.600 gehiago.
- Araban 21.900 langabe daude (%14,08).
- Bizkaian 95.100 (%17,44).
- Gipuzkoan 40.700 (%12,80).
- Nafarroan 46.200 daude (%14,95).
Gaindegia: 217.892 langabe, %14,9
Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia dio iaztik Euskal Herri osoan 39.669 langabe gehiago daudela, eta denera 217.892 direla lanik barik daudenak (%14,9). "Euskal Herriko langabezia Kroazia eta Irlandaren parekoa izatera iritsi da, 2012an zehar gertatzen ari den gorakada nabarmenagatik".
Haren arabera, euskal lurraldeen artean aldea handia da Hego-Ipar ardatzean. "Iparraldean langabezia apurka hedatzen ari da, baina urrun dago Hegoaldeko langabetuen hazkunde bortitza zein langabezia mailatik".
Euskal Herriko tasa Europako Batasunekoa baino 4,4 puntu altuagoa da, Gaindegiak dioenez. 10,1 puntu azpitik dago Espainiako Estatuko tasatik, eta 4,3 gainetik Frantziakotik.