Alexis Tsipras ezkertiarrak badaki zer den bere politikaren aurkako greba orokorra. Lehen ministroak bi ezagutu zituen aurreko urtean, baina ez gaurkoak duen babes mailakorik. ADEDY eta GSEE atal publiko eta pribatuko sindikatuen konfederazio nagusiek deitu dute lanuztera Atenas laukoarekin negoziatzen ari den pentsioen erreformaren aurka.
Manifestazio jendetsua egin dute Atenasko Klathmonos plazan; 40.000 lagun elkartu direla esan du Poliziak, baina 100.000 izan dira protestan aritutakoak, antolatzaileen arabera. Besteak beste, pentsio erreforma erretiratu ezean "joateko" eskatu diote gobernuari.
Aurreko urtean Tsiprasen gobernuak kudeatu behar izan zituen grebak ez ziren erabatekoak izan, ez zutelako sindikatu guztiek deitu lanuztera. Gaur, ordea, erantzun handia izan da. Metroa eta tranbiak ez daude martxan 15:00etatik. Trenak eta autobusak, berriz, egun osoan geldituko dira. Hiriko autobusak, ordea, 19:00ak arte ibiliko dira.
Aspaldian greba egin ez duen beste talde batek ere bat egin du lanuztearekin: taxistak. Barkuak ere ez dira portutik atera, eta Olympic zein Aegean Air hegazki konpainiek 66 hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte, kontrolatzaileen lanuztea tarteko.
Pentsionisten diru sarrerak murrizten
Osasun arloari dagokionez, ospitale publikoak gutxieneko zerbitzuekin ari dira, medikuek eta beste ataletako langileek bat egin baitute grebarekin, baita farmazialariek ere. Autonomo gisa jarduten duten beste ogibide liberaletako langile ugarik ere greba egingo dutela iragarri dute, kasurako abokatuak eta ingeniariak. Horrez gain, nekazari eta abeltzainek errepideetan mozketak egin dituzte, herrialdeko errepide sareko lotune garrantzitsuetan, baita autopistetan ere. Finean, beste probat bat da Tsiprasen orekarentzat.
Hirugarren erreskateari dagokion negoziazioak eragin du hain mobilizazio handia. Tsiprasen gobernuak plan bat jarri du mahai gainean pentsio nagusiek murrizketa gehiago izan ez dezaten. 2010etik 11 aldiz ukitu dituzte pentsioak Grezian. Atenasek kotizazioak igotzea proposatu du, eta osagarriak diren pentsioetan murrizketak egitea. Arazoa da, osagarri esaten zaien arren, pentsio horiek erretiratuen diru sarreren zutabe nagusi direla. Are gehiago, pentsio horiek dira Greziako familien erdien diru sarrera nagusiak, herrialdeko enpresa txiki eta ertainen elkarteak egindako azterketa baten arabera.