Azken urteetan baino antxoakume gehiago zenbatu ditu Aztik

Espainiako Gobernuak antxoa harrapatzeko kuota mugatua eskatuko dio Europako Batzordeari

jakes goikoetxea
Donostia
2009ko urriaren 31
00:00
Entzun
Arrantzaleek arrazoi zuten. Azterketek baieztatu egin dute arrantzaleek hegaluzea harrapatzen ari zirela ikusitakoa: azken urteetan baino antxoa gehiago, handiagoa eta zabalduagoa dago Bizkaiko Golkoan. Azti-Tecnaliak azken urteetako antxoakume kopuru handiena zenbatu du irailean egindako Juvena neurketan. Datu horietan oinarrituta, antxoa harrapatzeko debekua bertan behera uzteko eskatu dute arrantzaleek, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Arrantza Ministerioak. Kuota mugatu bat nahi dute 2010eko udaberrirako.

Europako Batzordeak duela bi aste proposatu zuen debekua sei hilabetez luzatzea, urtarrilaren 1etik ekainaren 30 arte. Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak (CIEM) maiatzean egindako neurketetan oinarritu zuen proposamena. CIEMen arabera, iazko udaberrian antxoaren biomasa 21.270 tonakoa zen, antxoa harrapatzen hasteko gutxieneko mugatik (24.000 tona) beherakoa, eta desagertzeko arriskuaren mugatik (21.000 tona) oso gertu.

Baina erabakia Europako Batasuneko Arrantza ministroek hartu behar dute. Abenduan egingo dute. Normalean aintzat hartzen dute Europako Batzordearen proposamena. Baina Aztiren neurketaren emaitzak ikusita, Espainiako Gobernuak beste azterketa bat egiteko eskatuko dio CIEMi, eta antxoaren biomasaren hazkundea baieztatzen badu, antxoaren arrantza baimentzeko.

Azti-Tecnaliak, Itsas eta Elikagaien Zentro Teknologikoak, 2003tik egiten du antxoakumeen neurketa, Juvena deitua. Aurten 177.885 tona antxoakume zenbatu ditu, aurreko urteetan baino gehiago. 2009ko kopurua 2005ekoa baino %33 handiagoa da eta 2005ekoa izan da orain arteko kopuru handiena.

Handiagoak

Baina kopurua bakarrik ez da garrantzitsua, antxoaren heriotza tasa oso handia baita. Horren erakusgarri da 2005ean gertatutakoa. Orduko Juvena azterketan Azti-Tecnaliak 134.000 tona antxoakume zenbatu zituen; 2006ko udaberrian, berriz, urtebeteko 24.000 tona antxoa.

Hala ere, Azti-Tecnaliak irailean atzemandako beste bi ezaugarri ere nabarmendu ditu: alde batetik, 2009an aztertutako antxoakumeak batez beste 2008koak baino handiagoak direla; bestetik, antxoa oso eremu zabalean topatu dutela, 34.800 itsas milia koadrotan, 2005eko eremuaren bikoitza. Horrek haien heriotza tasa tasa jaits dezake.

Aldagai horiek guztiak aintzat hartuta eta aurtengo negua aurreko urteetako antzekoa izanez gero, 2010eko udaberrian antxoa helduen kopuruak zuhurtziako biomasaren muga (33.000 tona) gainditzea espero dute, 2005ean antxoaren arrantza debekatu zenetik lehen aldiz.

Antxoaren biomasak zuhurtziako biomasa gaindituz gero, arrantzaleek %40ko gehienezko kuota nahi dute; Europako Batzordeak, berriz, %30ekoa. Europako Batzordeak 7.000 tona antxoa harrapatzea baimenduko luke antxoaren biomasa 24.000 eta 33.000 tona artekoa izango balitz. 33.000 tonakoa da zuhurtziako biomasa. Hortik behera antxoak gehiegizko esplotazio arriskua du.

Europako Batasunak antxoa harrapatzeko debekuari eustea erabakitzen badu, Euskal Herriko arrantzaleek bost urte egingo dituzte antxoarik harrapatu gabe. Urteko lehen sei hilabeteetan antxoa harrapatzea debekatzeak urte osoan debekatzea esan nahi du: antxoa apiriletik ekainera harrapatzen zuten; ekainetik urrira, berriz, hegaluzea eta hegalaburra harrapatzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.