Martxoan langabe kopuruak gora egin du berriro Hego Euskal Herrian, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak - INEM ohiak - emandako datuen arabera. Datu txarra izanagatik, baditu ñabardurak. Hala, joan den urteko uztailetik egondako igoerarik txikiena izan da, aurreko hilabetearekin alderatuz gero. Aspaldiko partez, bi herrialdetan jaitsi da langabe kopurua. Araban eta Nafarroan izan da, hain zuzen ere. Halaber, Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egin zuen herrialde guztietan, Bizkaian izan ezik.
Azken datuak eskuetan, langabeziaren hazkundea «gelditzen» ari dela ondorioztatu du Espainiako Enplegu estatu idazkariak, Maravillas Rojok. Aurki lan arloan aldaketak espero dira, gainera. Heldu den astean lan erreformarako beste agiri bat igorri nahi die Espainiako Gobernuak patronalari eta sindikatuei, eta Lan Ministerioak hilabetea amaitu baino lehen moldaketa ixtea espero du. Besteak beste, kaleratze kalte-ordain merkeagoa duen kontratazioa bultzatzea proposatu zien gobernuak gizarte eragileei.
Bien bitartean, 181.878 lagunek beharrik gabe jarraitzen dute Hegoaldean, martxoan langabe kopuruak %0,5 igo ondotik. Araban eta Nafarroan langabe kopuruak jaitsiera arina izan du, 110 eta 17 gutxiago, hurrenez hurren. Aldiz, Bizkaiak 876 langabe gehiago erroldatu dira enplegu zerbitzu publikoaren zerrendetan.
Bizkaia da, era berean, bigarren tasarik handiena duen herrialdea, %14,14, soilik Nafarroaren aurretik. Gipuzkoak populazio aktiboaren parterik txikiena du lanik gabe, ez du artean %12 gainditu.
Berriro ere igoerarik esanguratsuena gizonen artean gertatu da. Enplegu zerbitzuetan erroldatu direnetatik bi heren gizonak izan dira. Krisia enplegua suntsitzen hasi zenetik errepikatu den joera da. Hala, lanik gabe geratu diren gizonen kopurua %16 igo da, eta emakumeena, %12. Haatik, emakumeen langabezia tasa oraindik ere nabarmen handiagoa da, aktiboak gutxiago direlako. Emakumeen langabezia tasa %14,8 da, eta 2,5 puntu txikiagoa da gizonena.
Emaitzaren onena, industrian
Sektore ezberdinak aztertuz gero, industriak izan ditu emaitzarik onenak, langabe gutxiago zenbatu dituen sektore bakarra izan baita. Industria da urtetik urtera krisiaren enbatari erantzunik onena eman dion jarduera. Iazko martxotik bigarren sektoreko langabeak soilik %1,6 handitu dira. Hazkunde hori %15 izan da eraikuntzan edo zerbitzuetan, eta %60 nekazaritzan.
Kontratazioa ere suspertu da, langabe kopuru orokorra murrizteko aski izan ez bada ere. Aurreko hilabetean baino 10.805 kontratu gehiago sinatu dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, %17ko hazkundea. Aldi baterako kontratazioa jaun eta jabe da oraindik. Lan harreman finkoa eragin duten kontratazioak %8,5 dira, aurreko hilabetearen pare.
Afiliazioan ondorioak izan ditu kontratazioa animatu izanak. Gizarte Segurantzan kotizatzen ari diren Hegoaldeko herritarrak 619 gehiago dira. Edonola ere, maila historikoetan egon eta gero, krisiak afiliazioan eragin duen zuloa iazko datuekin alderatuz ikusten da, ia 20.000 afiliatu gutxiago baitaude.
Gizarte Segurantzako Espainiako estatu idazkari Octavio Granadoren ustez, afiliazioak krisiaren aurreko urteetan zuen erritmoari heldu dio berriro, nahiz eta urtearen joanean gorabeherak egongo diren. Autonomo afiliatuen igoera ere nabarmendu du Granadok.
Epe luzekoak, gora
Langabeziaren igoera arindu dela ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak. Hori bai, urtebete baino gehiago beharrik gabe daramaten langabeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoeneko guztietatik ia heren bat direla ohartarazi du.
Sindikatuek, berriz, langabezia murrizteko neurriak galdegin dituzte berriro. LABen ustez, lan merkatua «geroz eta okerrago» dago. Hazkundea txikiagoa izan bada ere, etorkizunari buruz ezkorra da sindikatu abertzalea, «politika ekonomiko eta sozialetan aldaketa erradikala ez dagoen bitartean».
CCOOk ardura eskatu die enpresaburuei, «ekonomian gertatzen ari den hazkundea enplegu sorrera bihurtzeko». Lana sortzeko negoziazio kolektiboa suspertzea eskatu du UGTk.
Aralarrek, berriz, hausnarketa galdegin du, datuak «larriak eta kezkagarriak» direlako.
Azken zortzi hilabeteetako hazkunderik txikiena izan du langabeziak martxoan
Ia mila langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, baina martxoan behera egin du kopuruak Araban eta Nafarroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu